'Bera ez da Lyz Taylor' antzezlana Bilbao Eszenaren eskutik

uriola.eus 2018ko mar. 27a, 10:05

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dela eta Bilbao Eszenak Bera ez da Lyz Taylor antzezlana antolatu du Bilborock aretoan.

Bilbao Eszenak Bera ez da Lyz Taylor antzezlana antolatu du Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Antzezleak Ana Blanco eta Eguzki Zubia izango dira, eta zuzendaria, berriz, Txema Trujillo izango da. Trujillok berak idatzi du testua eta Nati Ortiz de Zaratek jantziak egin ditu. Antzezlana doan izango da eta gaueko 20:00etan hasiko da. Gonbidapenak ordubete lehenagotik eskuratu ahal izango dira Bilborock-en bertan.

Laburpena:

Estatu Batuak. 1965, gutxi gorabehera. VIP jaia luxuzko etxe batean. Pertsona famatu eta Hollywoodeko izar ugari gonbidatuen artean. Elizabeth Taylorren koadro bat dago, Andy Warholek margotua eta bere modeloari oparitua, beste gela batean, zain.

Bere jabea ederki pasatzen ari da eta, dibertitzen amaitzen duenean, koadroaren bila etorriko da. Baina hori gertatu aurretik, gonbidatuetako batek obra ikusi nahi du, bere kasa. Bera bakarrik. Diskrezioz... Marcel Duchamp da, arte garaikidearen beste mito bat, festara etorri dena... Azkenean,  artista zaharrak bere helburua lortu duenean, Elizabeth Taylorrek in fraganti harrapatuko du.