Animakom Fest animazio zinemaren nazioarteko jaialdiaren 2. edizioa aurkeztu dute

uriola.eus 2018ko mar. 27a, 10:31

Jaialdia apirilaren 11n hasiko da, Kim Keukeleire zuzendariak emango duen stop-motion animazioari buruzko klase magistralarekin eta Campos Antzokian proiektatuko den film batekin. Jaialdia apirilaren 11tik 15era egingo da eta Bilbao Berrikuntza Faktoria eraikina (Uribitarte pasealekua 3) izango da egoitza nagusia.

Animazioko zinearen zaleen hitzordua daukate Bilbon. Apirilaren 11tik 15era, Bilbon egingo da bigarren urtez Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdia, ANIMAKOM FEST, urian genero horri dedikatuta egiten den lehen jaialdia.

Pedro Rivero zuzendari bilbotarrak, jaialdiaren bultzatzaile den neurrian eta Nekane Alonso Bilboko Udalaren Kultura zinegotziak jaialdiaren koordinatzaileak gaur goizean eman dituzte ezagutzera jaialdiaren bigarren edizioaren zehaztasunak, Bilboko Udaletxean egindako prentsaurrekoan.

ANIMAKOM FEST jaialdiaren egoitza Bilbao Berrikuntza Faktoriako Dock espazioa izango da (Uribitarte pasealekua 3) eta datorren eguaztenean, hilak 11, hasiko da 18:00etan Kim Keukeleire animazio zuzendariaren klase magistral batekin, Campos Antzokian. Zuzendari hori profesional ospetsua da eta hainbat filmetan egin du lan, adibidez ‘Chicken Run’, ‘Fantastic Mr. Fox’ (Wes Anderson) edo ‘Frankenweenie’ (Tim Burton). Gero, 20:00etan, ‘Ma vie de ‘courgette’ film luzea proiektatuko da.

Pedro Rivero zuzendari bilbotarrak eta DEVELOP elkarte kulturalak bultzatuta, jaialdiak Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dauka, SGAE Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Laboral Kutxa eta UPV/EHUrekin eta beste erakunde batzuekin batera.

EMAKUMEEK ANIMAZIOAN DUTEN EGINKIZUNA ALDARRIKATZEN

ANIMAKOM FEST jaialdiaren helburuetako bat animazioaren munduko emakume errealizadoreen, irudigileen eta animatzaileen lana azpimarratzea da, edizio bakoitzean Animakom Saria emanda zinemaren profesional bati edo batzuei, egindako lanaren esker ona erakusteko.

Edizio honetan, jaialdiko sari hori Joy Batchelor zuzendariari emango zaio. Batez ere "Abereen Etxaldea” film luzea zuzendu zuelako – John Halas senarrarekin batera – ezagutzen da.

Joy Batchelor (1914-1991) ilustratzailea, gidoigilea, zuzendaria eta ekoizlea izan zen eta hiru hamarkadetan egin zuen lan, 1938tik 1974ra, film labur artistikoetan, publizitateko edo/eta dibulgazioko filmetan, bai eta telesailetan eta film luze bitan ere.

"Abereen Etxaldea” proiektatzeaz gain, jaialdian bere lanaren atzera begirakoa eskainiko da eta “Ruddigore” film luzea eta film laburren aukeraketa bat ikusi ahal izango dira apirilaren 12an eta 13an UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean (Bizkaiko Campusa, Sarriena auzoa z/g, Leioa), ZINEBI Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdiaren laguntzarekin.

Animakom Saria hilaren 13an, barikua, 20:00etan, emango da ‘Abereen Etxaldea’ izenburuko bere film luzearen proiekzioaz.

NAZIOARTEKO EPAIMAHAIA IRABAZLEEN ZERRENDA AUKERATZEKO

Bigarren edizio honetan, ANIMAKOM FEST jaialdiak ehun bat lan aukeratu ditu lehiaketako sekzio bietan (bat profesionalentzat eta beste bat ikasleentzat) jasotako 1.500 film laburren artean. Film horiekin animazioko zinearen era askotako programazioa osatuko da, Bilboko ikusleentzat bestela ikustea ezinezkoa izango dena.

Yves Nougarede, Annecy-ko Animazioko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiko programatzaileak, Priit Tender, Estoniako zuzendariak eta Kim Keukeleire, jaialdia inauguratuko duen zuzendariak aukeratuko dituzte lehiaketa ofizialeko hiru saridunak (Shorts Film Competition); beste alde batetik, Britt Raes, aurreko edizioan Zuzendari Onenaren Saria lortu zuen zuzendariak, Petrit Gora, Kosovoko Anibar jaialdiko zuzendari artistikoa keta Olatz Beobide aktoreak, ikus-entzunezko sektoreko emakumezkoen (H)emen taldearen izenean, aukeratuko dituzte ikasleen lehiaketako hiru irabazleak (Student Films Competition).

Gainera, guztien artean erabakiko dute zein den Film Labur Onenari Laboral Kutxa Saria.

Lehiaketako sekzioez gain, erakunde laguntzaileetako batzuek beste sari batzuk emango dituzte: emakumeek zuzendutako film onena (ZINEMAKUMEAK GARA! elkarteak emana), gidoi onena (Gidoilari profesionalen Euskal Herriko Elkarteak emana) eta Berrikuntza Saria (Mondragon Unibertsitateak emana).

Lehiaketako proiekzioez gain, beste hiru saio osagarri antolatuko dira: saio bi Annecyko Jaialdi ospetsuaren eskutik (munduko animazioaren “Cannes” jotzen den Frantziako jaialdia). Azken edizioan umeentzako eta helduentzako lanetan nabarmendu direnak eskainiko dira. Beste saio bat ZINEBI Bilboko jaialdiaren eskutik, 2017ko edizioan emakumeen egindako animazioko film laburrik onenak erakusteko.

ANIMAZIOA LINTERNEKIN EGITEKO TAILERRA

Zine proiekzioez gainera, ANIMAKOM FESTek espazio bat izango du prestakuntzarako. Hain zuzen ere, linternekin animazioa egiteko tailerra antolatuko da umeentzat, UPV/EHUko irakasleek koordinatuta eta SGAE Fundazioarekin laguntzarekin.

Tailer hori apirilaren 14an egingo da, zapatua, goizeko 11:00etan Campos Antzokiaren Cúpula aretoan. Jaialdiko gainerako jarduerekin gertatzen den moduan, doakoa izango da, lekua bete arte. Parte hartzeko, interesdunek mezu bat bidali beharko dute info@animakom.com helbidera, eta pilak kargatuta dauzkan linterna batekin joan.