Euskaraz egiten den bideojokogintza kultura indartzeko lan-hitzarmena

uriola.eus 2018ko api. 3a, 10:47

Iurdana Acasuso eta Urtzi Odriozola

Game Erauntsia elkateak eta Azkue Fundazioak euskararen abiapuntutik eta euskaraz egiten den bertako bideojokogintza kultura indartzeko lan-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen honekin bertako kultura eta industria bultzatu nahi dute.

Game Erauntsia elkartearen presidentea den Urtzi Odriozolak eta Azkue Fundazioaren zuzendaria den Iurdana Acasusok lan-hitzarmena sinatu dute Euskararen Etxean.

Hitzarmenaren helburua bertako kultura eta industria bultzatzea da, euskararen abiapuntutik eta euskaraz egiten den bertako bideojokogintza kultura indartzeko. Bi erakundeetako ordezkariek elkarlana urteetan zehar iraunkorra izateko lanean jardungo dutela azpimarratu dute aipatutako akordioan. Elkarlan horretatik abiatzen da Jokoteknia, euskarazko bideojokoen lehen jardunaldia antolatzea.

Jokoteknia

Jokoteknia, Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldi bat izango da. Jardunaldi honen helburua, bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da.

Horretarako, Jokoteknia jardunaldian euskal bideojokogintza industriako adituak, ikasleak eta jokalariak batera jarriko dituzte, egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egin eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko asmoarekin. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosia eta prospektiba bat egiten ere saiatuko dira.

Bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendea elkar ezagutzeko aukera eskainiko dute, ideia berriak hartu eta sinergia berriak sortzeko. Jokotekniako lehenengo edizioa, 2018ko maiatzaren 12an, Azkuna Zentroko Bastida aretoan egingo dute.