'Gremlins' filmaren zuzendariarentzat izango da aurtengo 'FANTastikoaren Izarra'

uriola.eus 2018ko api. 3a, 10:00

Joe Dante

Gremlins edo El chip prodigioso filmen zuzendaria den Joe Dantek Bilboko zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du ohorezko saria, Campos Antzokian. Horrez gain, hurrengo egunean, Gremlins filma ikusteko aukera eskainiko dute.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak (FANTek) Joe Dante zuzendariari emango dio FANTastikoaren Izarra saria, fantasiazko generoaren barruko ibilbide osoa aintzatesten duen ohorezko saria. Zinegile estatubatuarrak zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du ohorezko saria, maiatzaren 4an, 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian. 

1946an jaio zen Morristownen, New Jerseyn. Roger Corman mitikoaren faktorian trebatu zen editore gisa, zuzendaritzarako jauzia eman zuen arte, Allan Arkush-ekin batera Hollywood Boulevard (1976) zuzenduz. 1978an bakarrik aritu zen John Sayles hasi berriak idatzitako “Piraña” lanean, eta harekin batera egin zuen lan berriro “The Howling” (1981) filmean.

1983an arrakastaz betetako lankidetzari eman zion hasiera Steven Spielbergekin, bera zuzendari eta Spielberg ekoizle, “The Twiligh Zone” serie mitikoaren zine moldaketaren segmentuetako bat zuzenduz. Lankidetza horrek beste lan askorekin izan zuen jarraipena: “Gremlins” (1984) arrakastatsua, haren ondorengo “Gremlins 2” (1990) edo “El chip prodigioso” (1987). Egin dituen beste lan ezagun batzuk “Exploradores” (1985), “No matarás al vecino” (1989), “Matinee” (1993), “Pequeños guerreros” (1998) edo orain arte egin duen azkenengo film luzea, “Burying the Ex” (2014), izan dira.

Halaber, omenaldi gisa, zinemaldiko FANT2FUN sekzioaren barruan, maiatzaren 5ean, larunbatean, 22:15etik aurrera, ikus-entzuleek “Gremlins” (1984) mitikoak eta “The Howling (Aullidos)” (1981) klasikoak osatutako zine saio bikoitzaz gozatu ahal izango dute pantaila handian.

BilbokoZinemaldi Fantastikoak – FANTek (www.fantbilbao.eus) iaz eman zion bere lehenengo FANTastikoaren Izarra saria Barbara Crampton (New York, 1958) antzezleari. Barbara Crampton, Stuart Gordonen “Re-animator(1985) klasikoaren protagonista izan zen, Bilbo bisitatu zuen eta ordura arte bere azken filma zena, “Beyond the Gates”, aurkeztu zuen.