Sistema kapitalistak eraildako emakume borrokolari guztien oroimenez

uriola.eus 2018ko api. 6a, 09:17

Maria Magdalena Cruz Rojas, Marielle Franco, Maria Guadalupe Hernandez eta "sistema kapitalistaren sorgin ehizak eraildako emakume guztiak" gogoratzeko elkarretaratzea deitu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. 

Marielle Franco aktibista, feminista, beltza eta lesbiana zen. Maria Guadalupe Hernandez Kleo aktibista feminista eta lesbiana. Maria Magdalena Cruz Rojas baserritarra, feminista eta giza eskubideen defendatzailea. Hirurak erail dituzte martxoan. 
 
Marielle Franco martxoaren 14an hil zuten tiroz Rio de Janeiron, Brasilen. 
 
Maria Guadaluperen gorpua martxoaren 28an aurkitu zuten Guadalupen, Mexikon. Martxoaren 11tik desagertuta zegoen. 
 
Maria Magdalena Cruz Rojas bere etxean erail zuten senar eta seme-alaben aurrean martxoaren 30ean, Mapiripanen, Kolonbian.  
 
Hirurak hil ditu "sistema heteropatriarkatu, arrazista, klasista eta kolonialistak", Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak salatu duenez. "Sistema kapitalistak eraildako emakume borrokolari guztien oroimenez", ostiralean, apirilak 6, elkarretaratzea egingo dute 18:30ean Bilboko Arriaga plazan.  
 
Kartelean elkarretaratzea 19:00etan izango dela aipatzen den arren, azken orduko aldaketa dela eta, 18:30ean izango da azkenean.