Bilbon 2044. urtean kokatzen da Bioklik. Unibertsitateko ikasle batek egin behar duen txosten baten bitartez kontatzen ditu Luzarragak orduko familia bati gertatutako gorabeherak. Familia horretan ama (Nere Poza) hilda agertuko da eta, hiltzailea delakoan, aita (Txetxu Urruti) atxilotuko dute. Jarraian agertuko dira 2044ko gizarte bioteknologikoak dituen mekanismo guztiak, esaterako, manipulatzeko bideak edota iritziak sortzeko bideak.
Besteak beste, hiritarrek profil biometriko bana dute, eta bere bitartez bizitzako xehetasun guztiak botoz erabakitzen dituzte, sakelakotik zuzenean egindako bozketaz, ordainpean: greba bat egin daitekeen ala ez, atsegin ez dugun musikak merkatutik desagertu behar duen ala ez, edo balizko delitu baten akusatua erruduna den ala ez. Gardena eta garbia dirudi sistemak, hiritar guztien parte-hartzea eskatzen eta bermatzen duena, baina perfekzio horren ifrentzua ezagutuko du Txetxu Urrutik, bere emazte Nere Pozaren hilketagatik salatu eta atxilotzen dutenean.
Asel Luzarraga Zarrabeitiaren (Bilbo, 1971) seigarren lana da Bioklik. Aurretik argitaratu ditu Gezurra odoletan (2011, Txalaparta), Utopiaren itzalak (2010, Txalaparta), Abaraska (2008, Txalaparta), Mozorroaren xarma (2007, Erein), Karonte (2005, Elkar, Igartza Sariaren irabazlea) eta Hamaika ispilu ganbil (2003, Labayru).