'GO!AZEN' antzezlana egunez eta lekuz aldatu dute piztu duen ikusmina dela eta

uriola.eus 2018ko api. 6a, 07:49
Argazkia: www.eitb.eus

400 ikusle baino gehiagorentzat lekua duen BBK aretoan taularatuko dute azkenik GO!AZEN ikuskizuna apirilaren 27an, Ikusi eta Ikasi programaren barruan. Antzezlana doakoa izango da, eta zozketan izena ematen duten lagunen artean sarreak banatzea erabaki dute antolatzaileek. 

Ikusi eta Ikasi programako azken ikuskizuna GO!AZEN da, eta Karmen aretoan apirilaren 20an izatea zegoen aurreikusita. Hala ere, sortutako interesa dela-eta, eguna eta lekua aldatzea erabaki dute, ikusle gehiago egoteko. Horiek horrela, GO!AZEN apirilaren 27an izango da, 18:00etatik aurrera, BBK aretoan. Horrela, doako ikuskizuna Bilboko 400en bat umek ikusi ahalko dute. GO!AZEN antzezlana da, ETB1en emandako telesailak izan zuen arrakastaren ondorioz sortutakoa.

Antzezlana ikusteko aldez aurretik izena eman beharko da eta eskari guztien artean zozketa bat egingo da. Izena emateko epea apirilaren 9an hasi eta 15ean amaituko da. www.ikusietaikasi.eus webgunean eman behar da izena. Bilbon erroldatuta dauden eta 2008 eta 2013 urteen artean (biak barne) jaio ziren umeek parte hartu ahalko dute, hots, 5 eta 10 urte bitartekoek.

Web gune horren bidez jasotako eskari guztien artean zozketa egingo da eta apirilaren 20an jakinaraziko da, posta elektronikoz, umeek sarrera lortu duten ala ez. Hautatutakoek posta elektronikoz jasoko dute sarrera, baita sarrera-txartel fisikoa hartzeko jarraibideak ere.

BBK aretoan sar daitezkeen pertsonen kopurua eta eskaera handia kontuan hartuta, familia bakoitzeko heldu bat baino ezin izango da sartu. Heldu banarekin ume-talde handiak egitea eskertuko da, ume gehien ikuskizunera sartu ahal izateko.

 

Puski, Txurruski eta Mariski

GO!AZEN apirilaren 20an egitekoa zen eta egun horretan beste ikuskizun bat egongo da. Doako ikuskizun hau egongo da: Puski, Txurruski eta Mariski pailazoen Pilo, Pilo, Korapilo. 18:00etan hasiko da Karmen aretoan. Beste barik sartu ahalko dira interesdunak, leku guztiak bete arte.

Ikusi eta Ikasi umeentzako programaren 14. edizioko azken emanaldia amaitu bezain laster, emanaldietan parte hartu duten eta programaren inkesta bete duten pertsonen artean banatuko dira sariak.

 

Ikusi eta Ikasi

Ekimenaren helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz.

Hamalaugarren edizio honetako eskaintza era askotakoa izan da: Ipuin-kontalariak, magia, antzerkia, ikuskizun interaktiboak eta kontzertu didaktikoak, baita musikaterapia eta barreterapia-tailerrak ere. Aurten tailer berriak ere egon dira, esate baterako, gozoki naturalena, modelajearena eta txiki-erritmoarena.