Jose Miguel Ibarretxe Garcia minbiziak jota 60 urte zituela apirilaren 2an hil zen. Familia eta gertuko lagunez gain, euskal zinema profesionalaren agerpen nabarmena espero da gaur hiletan. Batetik, sektorean lankide on ugari egin dituztelako, eta bestetik, ibarretxetarrek leku propioa lortu dutelako euskal zinemaren historian (historia txikian esango nuke, inor iraindu gabe). Zenbat ekoizpen etxek lortu dute Oscar sarietarako izendapena, edota Canneseko zinemaldiko Caméra d’Or garaikurra, eta United Artists eta Dreamworks bezalako AEBetako estudio erraldoiei euren film baten remake eskubideak saltzea?
80ko hamarkadaren amaieran hasi zen Ibarretxetarren ibilbidea zinearen munduan. Eduardo Carnerosek Getxoko Andres Isasi kontserbatorioan ezagutu zituenean. Egun hartako emanaldi bakarra La venganza del artista calvo film laburra, Ibarretxe anaiek sinatuta. Hara joan zen Carneros, artean Antxon Urrosolok zuzentzen zuen Detrás del sirimiri ETB2ko saioko erredaktorea, anai xelebre haiek elkarrizketatzeko asmoz.
Esto no es Hollywood deitzen zen anaiek agertu behar zuten telebista saioaren atala. Izenburu iragarlea. Baina gau hura zine aretotik urrun ez zeuden Erromo auzoko tabernetan bukatu zen. Denbora gutxira, Carneros Urrosolo utzi eta lau anai artegatsuei batu zitzaien. Ibarretxe & CO. jaio zen.
Nire haurtzaro telebisibo dibertigarria bukatu zen La Bruja Averiarekin, baina zorionez maltzurkeriaren freskotasuna ekarri zigun urte batzuk geroago ETBk, etxearen garai ausartagoetan beharbada, Las memorias de Karbo Vantas (1993) bezalako ekoizpen artistikoak sustatuz. Forma, kontatzeko era ezin originalagoa, pasarte komikoz, istorio absurdoz eta pertsonaia kutunez beterik zegoen telesail hura. Josemiren eta Estebanen gidoia eta zuzendaritza, eta Juan Etxanobe edota Ramon Barea (artean ez hain ezagunak) bezalako aktoreen parte-hartzearekin. Gainera hainbat teknikari berriei lehen aukera eman zieten anaiek, tartean, Kiko De la Rica argazki zuzendariari, eta Alex de la Iglesiaren Acción Mutante (1992) film bikainean jada debutatu zuten Estibaliz Markiegi jantzien arduradunari edota Jose Luis Arrizabalaga Arri-ri eta Biaffra zuzendari artistikoari. Gaur egun ikuskizun turistiko bihurtu den Deustuko tigrearen eraikina Karbo Vantas maltzurraren egoitza zen.
Etorri ziren gero Solo se muere dos veces (1996) Andres Vicente Gomez produktoarearekin ekoitzitako komedia beltza, eta aurrekontu eta espektatiba handiagoarekin Sabotage! (2000), Frantzia eta Ingalaterrarekin eginiko koprodukzioa, Dominique Pinon, David Suchet edota Stephen Fry izar handien aktore lanarekin. Azken honek BBC2 katerako Planet Word dokumental sailaren kapituluetako bat eskaini zion euskarari, 2011n. Antza, Fryk euskara ikasi zuen errodajean, makillatzaileak "itxi begiak" esaten omen zionean. Sabotage! filmak ez zuen esperotako arrakasta komertzialik lortu, baina ehundaka lanpostu sortzeaz gain, Napoleonen eta Wellingtonen istorio bitxi eta zoro hau kultuzko film bihurtu du.
Honen ondoren, Ibarretxe abizenik ez zuten beste zinegile batzuren lehen filmak produzitu zituzten. Nabarmentzekoak dira Nacho Vigalondoren 7:35 de la mañana (2005) eta Los cronocrímenes (2008), eta Pablo Giorgelli zuzendari argentinarraren Las Acacias (2011). Hiru film hauek aurretik aipatu ditudan ospe handiko sari hoiek lortu zituzten nazioartean. Josemik, bere aldetik, film luzeak, dokumentalak, telebistarako programak, etabar idazten jarraitu zuen, baita Vaya Semanita telebista saioko gidoilari taldean parte hartu ere.
2010ean Un mundo casi perfecto filmeko lantaldean ibili nintzen produkzio laguntzaile gisa, Josemik eta Estebanek idatzi eta zuzendua, Javik eta Edu Carnerosek produzitua eta Santi Ibarretxek musikatutako azken filman. Baita errodajearen gaineko egunkari moduko bat idatzi ere. Bilbo berriko eszenatokia zuen ibarrretxetar komedia tipikoa izan zen.
Esan beharra dago, azkenik, gaur egun nazioarteko eta bertako grabaketak sustatzen ari direla, euskal ekonomian eragin zuzena lortzeko asmoz, ez bakarrik ikus-entzunezko sektorean, turismoan ere lanpostuak sortzeko gaitasuna ikusten baitzaio. Ildo honetan, Javi Ibarretxek, dirua eta zinemaren arteko harremana armoniotsua izan zitekeen ideia zuela esan daiteke , 'Bilbolywood' kontzeptua sortu zuen, eta hura sekula lortuko ez badugu ere, badaukagu gaurko erakundeen jarrera zinemarekiko arestian baino askoz hurbilagoa dena. Eta aurrerapauso hau Ibarretxe anaiei, haien jarrerari eta ekarpenari esker, zor zaie.