Aduanen matxinada ezagutzeko aukera

uriola.eus 2018ko api. 13a, 08:50
Aduanen matxinada, 1718 (Irudia: www.nuevatribuna.es)

Irailean 300 urte beteko dira aduanen matxinada jazo zela Bilbon. Gehiago jakin nahi duenak gaur eta apirilaren 20an izango du aukera Hektor Ortega historialariarekin Zazpikaleetan egingo den bisita gidatuetan. Darabilbo egitasmoak antolatu duen ekimena da. 

Hiru matxinada azpimarratzen ditu Hektor Ortega historialariak Bilboko historian. Gatzaren prezioa %44 igotzeagatik eta haren salmenta errege dekretuak mugatzeagatik sortu zen gatzaren matxinada da bat, 1631-34 bitartean iraun zuena. Foruen aldeko eta soldadutzaren aurkako Zamakolada (1804) izan zen beste bat. Eta hirugarrena, denboraren lerroan aurreko bien tartean kokatzen den aduanen matxinada, 1718koa. 

Hiruretan herritar xeheak izan ziren protagonista. Historian zehar bigarren edo hirugarren planoan agertu ohi direnak, Ortegaren hitzetan, "edota existitzen ez direnak". Hiru matxinda horietan aldiz, "herritar xeheek nabarmendu eta erabakiak hartzen dituzte". Oso garrantzitsuak izan ziren hirurak, "neurri batean historia aldatu baitzuten".  

Egungo bilbotarren memoriara oso erreferentzia gutxi iritsi dira. "Bilbon matxinada batzuk izan zirela, bai, baina gehiagorik ez". 

 

Aduanen matxinada ezagutzeko bisita gidatua

Duela 300 urteko irailean gertatu zen Bilbon aduanen matxinada. Orduko agintari batek esan zuenez "azken epaiaren eguna zirudien". Esaldi argigarri horrek adierazten du bizi izandako egoera. 

Gaur, hilak 13, 18:00etan, Atxuriko Gizakunde komentuan emango diote hasiera bisita gidatuari eta Zazpikaleetan hainbat geldialdi egin ostean Areatzan amaituko da. Izena emateko: darabilbo.blogspot.com.es

Apirilaren 20an, berriz, bisita 20:00etan hasiko da. Izan ere, Darabilboko antolatzaileei hainbat lagunek bisita orduak beranduago hasteko eskaria luzatu diete, eta proposamena aintzat hartu dute. 

Bisiten ostean, irailean, aduanen matxinadaren hirugarren mendeurrena betetzen denean, Darabilboko lagunek "zezozer berezia" egitea dute buruan.

 

Bilboko auzoen historia

Bilboko auzoen historia zabaltzeko interesa du Darabilbo egitasmoak. Hori dela eta, asko izan dira antolatu dituen bisita gidatuak. Besteak beste, Bilbo Zaharrean Txema Uriarte eta Arturo Izarzelaiarekin, Begoñan Koldo Urrutikoetxea, Alberto Ugarte eta Hektor Ortegarekin, Basurtu-Olabeagan Mikel Etxebarriarekin, Deustun Pedro Zuberogoitia eta Hektor Ortegarekin edota Otxarkoagan Karlos Renedorekin. 

Jendeak ondo hartu du proposamena. Darabilboko koordinatzaile Aitor Argoteren arabera, "interes handia dauka jendeak Bilbon gertatu zena jakiteko, zer zegoen eta egun zergatik ez dagoen edo zergatik iraun duen ezagutzeko". Izan ere, eskaria dela eta, erabaki dute bisita batzuk berriro ere eskaintzea.