Arriaga Antzokiak Bachen 'Johannes Passion' oratorioa estreinatuko du

uriola.eus 2018ko api. 13a, 08:00
'Johannes Passion'-en lantaldea (Argazkia: Arriaga Antzokia)

Mundu mailako estreinaldia izango da gaurkoa. Calixto Bieitok Johann Sebastian Bachen Johannes Passion oratorioa eszenaratuko du nazioarteko mailako sei abeslari bakarlarirekin, Bilboko Orkresta Sinfonikoarekin eta 40 ahots inguruk osatutako Bilboko Opera Koruarekin.   

Lan bikaintzat, maisulantzat jotzen dute Johann Sebastian Bach konposatzailearen Pasioa San Joanen arabera BWV 245 oratorio ezaguna. Handia da Bieitok sentitzen duen lilura Johann Sebastian Bachen musikarekiko. Bere pieza asko maite dituen arren, berezia da Bachen partitura zehatz honekiko duen adorea, eta horregatik Bieito bera aritu da ikuskizunean eszena zuzendari lanetan.

Bachen musika "kontsolamendura, liberaziora eta bestearen bilaketara eramaten duen bidea bada", Johannes Passion lanak "indarkeriaz islatzen du erredentziora daraman bizitzako bide hori", Bieitoren hitzetan. Besteak beste, eszenatokian zurezko xafla batzuk paratu ditu soinua indartzeko, eta lantaldeak "akustikaren bikaintasuna" nabarmendu du.

 

Goi mailako abeslariak

Errepertorio barrokoan espezialistak diren nazioarteko sei abeslari bakarlarik osatzen dute ahots talde protagonista. Azpimarragarria da kontzertu, opera eta errezitaldi ibilbide luzea duen Joshua Ellicott tenore ingelesak interpretatzen duen Ebanjelista. Ebanjelistari bidea emanez, Ellicottek ikuskizuneko pertsonaia nagusia antzezten du, goi mailako zailtasun teknikoa duen papera, eta musika eta prosodia paregabeak ematen dizkio. Jesusen rola James Newby baritonoak beteko du. 24 urte baino ez dituen arren, dagoeneko aintzatespen asko jaso ditu, bere ahotsaren kalitatea dela eta. Beste ekarpen garrantzitsu bat sinfoniaren eta operaren arloan ibilbide luzea eta Lied errepertorioaren ezagutza maila sakona duen Robert Murray tenorearena izango da. Azpimarragarria da, baita ere, Johannes Passion-en elementu erakargarri gisa, Jonathan McGovernen itzulera, Pilatosen papera betez. Iaz, Orfeo interpretatuz, aho zabalik utzi zuen publikoa Arriaga Antzokiak ekoiztutako L’Orfeo lanean. Eurekin batera Berit Norbakken Solset soprano norvegiarrak lehen aldiz zapalduko du Arriaga antzokiko eszenatokia. Eskandinaviako ahotsik errespetatuenetakoa da, eta bere ahotsaz aparte, ikuskizunean oso pisu garrantzitsua beteko du, Calixto Bieitok ematen dion presentzia dela eta. Horien ondoan abestuko du Carlos Mena gasteiztarrak ahots seikote paregabea itxiz. Bachen pasioen eta bestelako lanen interpretazioan espezializatuen dagoen abeslaria da, Mena eta asko eta asko dira erregistratuta dituen grabazioak.

Artistak Aida Leonor Guardiak egindako eszenografia ikusgarriaren barruan arituko dira. 

Dramaturgia, duela zenbait urtez Bieitorekin sarritan lan egiten duen Bettina Auer musikologo eta filologo alemaniarrarena da, musikako antzerki zuzendaritzan aditua. 

 

BOS eta Bilboko Opera Korua

Bakarlariez gain Bilbao Orkestra Sinfonikoakbere ohiko kaudimena eta interpretaziorako kalitatea eskainiko ditu, Erik Nielsen maisuaren zuzendaritzapean. Zuzendariak, gainera, klabea joko du zuzenean. Eta ahots zirrara gehitzeko, Bilboko Opera Koruaren ekarpena azpimarratu behar da, oraingo honetan ia 40 ahotsek osatutakoa. Horien artean, Johannes Passion lanean egindako bakarkako ekarpenak direla eta, azpimarragarriak dira Olga Revuelta, Iñaki Lazkano eta Polentzi Garciaren ahotsak. 

 

Nazioartekotzea

Arriaga Antzokiaren nazioartekotzea da Calixto Bieito zuzendari artistikoren erronketako bat, eta horregatik Parisko Theatre du Chatelet antzokiarekin batera Arriagak ekoitzi duen Pasioa San Joanen arabera ikuskizuna Bilbon estreinatuko da lehenik gaur, hilak 13. Bihar ere Arriagan eskaniko dute Bilboko Orkestra Sinfonikoa, nazioarteko sei abeslari eta Bilboko Opera Korua, besteak beste, elkarlanean jarri dituen obra. Bieitok berak iragarri duenez, Alemania eta Erresuma Batuko publikoa espero da bi egun horietan Bilbon. 

 

www.teatroarriaga.eus