Natura, Literatura eta Zientziatik ikasiz

uriola.eus 2018ko api. 10a, 07:51

Naturaren, literaturaren eta zientziaren arteko lotura da, agian, gizakiak mundua elkarren osagarri diren hainbat ikuspegitik aztertu eta irakasteko modu harrigarrienetako bat. Hiru jakintza-arlo horien batura izango da Azkuna Zentroan apirilaren 10 eta 19 bitartean eskainiko diren Natura, Literatura eta Zientzia hitzaldien gai nagusia. 

Natura, Literatura eta Zientzia hitzaldi zikloa Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen duen Zientziateka ekimenaren barruan kokatzen da, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren hamaikagarren edizioaren aurrerapen bezala.  

Bertan, UPV/EHUko irakasle eta matematikari den Raul Ibañez Torres, Deborah Garcia Belloso kimikari eta dibulgatzaileak, Juan Ignacio Perez Iglesias biologo eta UPV/EHUko Fisiologia katedradunak, UPV/EHUko Planeten Zientzien taldeko astrofisikari eta ikertzaile den Santiago Perez Hoyosek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile den Blanca Maria Martinez Garciak parte hartuko dute.

 

Hitzaldiak

UPV/EHUko irakasle eta matematikari den Raul Ibañez Torres izango da gaur, hilak 10, Natura, Literatura eta Zientzia hitzaldien zikloa inauguratzearen arduraduna. El teorema de la Rosa (Arrosaren teorema) izeneko hitzaldian, zientzia dibulgatzaileak matematikak natura aztertzeko eta haren edertasuna ulertzeko funtsezko tresna gisa duen garrantziaz hitz egingo du.

Hitzaldiaren xedea bertara etorritakoak egungo literaturaren ikuspegi kritikoaren eta sormenaren bitartez naturaren matematiketan barneratzea da. Horretarako, Ibañezek hainbat adibide erraz eta interesgarri hurbilduko dizkio entzuleei, esaterako Fibonacciren segida, urrezko arrazoia, korapiloen teoria edo fraktalak. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Azkuna Zentroko Auditoriumean.

Bigaren hitzaldia, Elementos a vuelapluma (Elementuak arrapaladan) izenekoa, apirilaren 12an izango da, eta Deborah Garcia Belloso kimikari eta dibulgatzaileak emango du. Bere hitzaldian, Garcia Bellosok kimikak eta bere fenomenoek literaturan duten betekizun protagonista aztertuko du. Hizlariak kimika arrapaladan sartu eta literatura-elementu boteretsu bilakatu den liburuak eta abestiak ezagutzera gonbidatuko ditu gerturatuko direnei. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Azkuna Zentroko Auditoriumean.

Hirugarren jardunaldian, apirilaren 16an, Juan Ignacio Perez Iglesias biologo eta UPV/EHUko Fisiologia katedradunak biologiaren eta literaturaren arteko ezusteko harreman ederra aurkeztuko die. Animalien letrak hitzaldian (euskaraz izango da), Perez Iglesiasek historian zehar gizakiaren eta animalien arteko erlazio estuak herri literaturan zein literatura kultuan izan duen eragina aztertuko du, baita beste adierazpen artistikoetan ere. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan.

Santiago Perez Hoyosek, UPV/EHUko Zientzia Planetarioko taldeko astrofisikaria eta ikertzailea, eskainiko du apirilaren 18ko hitzaldia. Explorando el espacio a través de la literatura de ciencia ficción (Espazioa zientzia-fikzioaren bitartez arakatzen) hitzaldian, Perez Hoyosek espazioa literaturan nola aztertu den azalduko du, are zehatzago XXI. mendeaz geroztik idatzitako zientzia-fikziozko eleberrien bitartez gehienbat. Adibide batzuk aztertuz, astrofisikariak narrazioen lizentzien eta zorroztasun zientifikoaren artean betidanik egon den harreman zailari buruz hitz egingo du, baina baita zientzia-fikziozko literaturak gizakiak espazioari buruz izan dituen ideiak aberasten lagundu izanari buruz ere. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Azkuna Zentroko Auditoriumean.

Zikloa apirilaren 19an bukatuko da La geología fantástica de Verne, Poe y H.P. Lovecraft (Verneren, Poeren eta H.P. Lovecraften fantasiazko geologiahitzaldiarekin. Blanca Maria Martinez Garciak, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea, haien lanen ardatz gisa geologia erabili zuten fantasiazko eta beldurrezko hiru idazle handiren lanari buruz hitz egingo du. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Azkuna Zentroko Auditoriumean.