201,9 kilometro izango ditu ekainaren 10eko giza kateak. Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa, eta Gasteizen amaituko da, Eusko Legebiltzarraren atarian. Herritarron Itunean jasotako erabakitzeko arrazoiak plazaratzeko eguna izango da.
"Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu", azaldu du Angel Oiarbide Gure Esku Dagoren (GED) bozeramaileak.
Oiarbidek azpimarratu du GEDren erronka Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzea dela eta espero dutela horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean: "GED Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere, sintonia hau zabalduz eta lurralde denetan erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin baldintzak sortuz, tokian tokiko herritarren borondatea, errealitatea eta erritmoa errespetatuz, baina beti eskuak zabalik eta lanerako prest".
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GEDren kideen arabera, gutxienez 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko eta, finantzaziorako ez ezik, antolaketarako ere, saretzearen garrantzia azpimarratu dute. Martxan da jada izen-ematea, interneten zein herrietako eta auzoetako taldeen eskutik.
Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz batzuk izendatuko zaizkio. Eskualde horietako herritarrak esleitutako puntuetara joan beharko dira giza katea osatzen dela ziurtatzeko.
Aurkezpenak eta izen-ematea
Bi hilabete barru giza kate batean batu nahi ditu Gure Esku Dagok 100.000 lagun baino gehiago, eskuz esku, "arrazoiez betetako zapiekin".
Martxoan ekin zioten GEDko kideek giza katean parte hartzeko izen-emateari. Herriz herri eta auzoz auzo giza katearen aurkezpen ekitaldietan informazioa banatu eta izena emateko aukera eskaintzen dute. Internetez saretzeko aukera ere badago www.gureeskudago.eus webgunean.
Deustun ostegunean, hilak 12, aurkeztuko dute giza katea Bidarte udaltegian 20:00etan eta Errekalden apirilaren 17an auzoko udaltegian 19:30ean.
Zergatik erabaki? mintegiak
Herritarron Ituna egitasmoa abian jarri du GEDk hegoaldeko lau hiriburuetan, mahai-inguruekin. Arloz arlo, erabakitzeko arrazoiak jasoko ditu itunak. Hiriburuetan abiatu, herrietara jaitsi eta ekainaren 10eko giza katean plazaratuko dute emaitza.
Izan ere, erabakitzeko eskubidea egikaritu ahal izateko, GEDk ezinbestekotzat du gizartean "eztabaida zabala, anitza eta ordenatua abiatzea, arloz arlo, norberak bere ikuspegia plazaratuz". Hori horrela, erabakitzeko eskubidea "edukiz betetzea" da erronka, ekaina bitartean "erabakitzeko 2019 arrazoi eta ilusio bilduz". Zenbaki horri, gainera, eduki sinbolikoa eman nahi zaio, sinetsita "2019an, herri honek baduela gaitasuna, elkarrekin eta denon artean arituz, erabakitzea posible egingo duen ziklo berri bat zabaltzeko Euskal Herrian".
Herritarron Itunerako arrazoi bilketa "martxa onean" doala adierazi dute GEDko kideek. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako mahai-inguru zikloa amaitzearekin batera hasi dira saio parte hartzaileak herrie eta auzoetan.
Bilbon, apirilaren 19an, Zergatik erabaki Bilbon kulturaren ikuspegitik? izeneko mintegi parte-hartzailea antolatu dute 19:00etan San Frantziskoko auzo etxean, apirilaren 20an leku eta ordu berean Zer dugu esateko Bilbon ekonomia eta eskubide sozialen inguruan? mintegia eta apirilaren 25ean La Bolsa udaltegian Bilboko hezkuntza arlotik zein ekarpen egin al dugu? mintegia.