Ikusi eta Ikasi programaren 14. edizio honen amaiera Go!azen ikuskizunarekin egingo da apirilaren 27an, 18:00etan, BBK Aretoan. Horrela, doako ikuskizuna Bilboko 400 bat umek ikusi ahalko dute. Go!azen antzezlana da, ETB1en emandako telesailak izan zuen arrakastaren ondorioz sortutakoa.
Antzezlana ikusteko aldez aurretik izena eman beharko da eta eskari guztien artean zozketa bat egingo da. Izena emateko epea apirilaren 15ean amaituko da. www.ikusietaikasi.eus webgunean eman behar da izena. Bilbon erroldatuta dauden eta 2008 eta 2013 urteen artean (biak barne) jaio ziren umeek parte hartu ahalko dute, hots, 5 eta 10 urte bitartekoek.
Webgune horren bidez jasotako eskari guztien artean zozketa egingo da eta apirilaren 20an jakinaraziko da, posta elektronikoz, umeek sarrera lortu duten ala ez. Hautatutakoek posta elektronikoz jasoko dute sarrera, baita sarrera-txartel fisikoa hartzeko jarraibideak ere.
BBK Aretoaren edukiera eta ikuskizun honek duen eskaria handia kontuan hartuta, adingabekoak bakarrik sartu ahal izango dira ikuskizuna ikustera.
Ikuskizun honekin amaituko da urtarrilaren 20an hasi zen 2018ko Ikusi eta Ikasi programaren hamalaugarren edizioa. Aurten 67 emanaldi eskaini dira: ipuin-kontalariak, magia, antzerkia, ikuskizun interaktiboak eta kontzertu didaktikoak, baita musikaterapia eta barreterapia-tailerrak, gozoki naturalena, modelajearena eta txiki-erritmoarena ere.
Ikusi eta ikasi ekimenaren helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz. Edizio honetan, orain arte, 4.300 umek hartu dute parte.