Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia Nekane Alonsok, BilbaoArteko Zuzendaria den Juan Zapaterrek, eta Zuhar Iruretagoiena Labeaga BilbaoArteko 2017ko artista egoiliarrak, apirilaren 12tik maiatzaren 11ra bitartean fundazioaren erakusketa aretoan irekita egongo den ekoizpen propioko “Hebra” erakusketa aurkeztuko dute.
Eskultura nagusiki lantzen duen erakustaldia hartuko du aldi honetan zentroaren erakusketa aretoa, argazki sail eta bideo batez lagunduta. Historian zehar irudiaren analisian zenbait elementu estrukturalen (adibidez, barruko eskeletoa) omisioari buruzko hausnarketa proposatzen du artistak bere piezekin.
Elementu hauen ikerketari ekiten dio artista zarauztarrak, “Hebra” izenpean, gauza baten zati ezberdinak lotzen dituzten hariak bezala. Eskultura klasiko eta eraikuntza urbanoetan alde batetik, eta bridaz loturiko altzairu eta hormigoizko eskulturetan beste aldetik, omisio baliabide hauen adibideak aurkitu daitezke.