Hauskortasunetik irteten den indarra dantzagarri egin du Doctor Deseok

uriola.eus 2018ko api. 12a, 12:24

Osoa da Doctor Deseoren azken lana, La fuerza de la fragilidad (Baga Biga, 2018). Zortzi abesti berri, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako sei abesti ezagun, bideoklip bat eta taldearen 138 abestiren letrak eskaintzen ditu.  

Maite zuen pertsona baten galerak beldurtu zuen Francis Diez Doctor Deseoko liderra. Txiki sentiarazteraino. Francisek, zeharka aipatu badu ere, joan den otsailean bere buruaz beste egin zuen Ondarroako Ekai gazte transexuala da pertsona hori. Txiki eta beldurtuta, gai izan da indarra ateratzeko. Enpatia eta elkarlana sortzen duen indarra izan delako. Hauskortasunetik sortutako indar eraldatzailea. Egoera horretan idatzi ditu Francisek zortzi abesti, eta bai Ricky Martinen Livin' la vida loca-tik bai Friedrich Nietzscheren "hau da bizitza?"-tik zeozer badutela nabarmendu du barre artean. Baita Quevedotik eta Jorge Manriquetik. Ohi bezala, euskaraz ere bada abesti bat (Nire munstroa). "Zeruan eta berpizkundean sinesten ez dugunontzat bizitza, sarritan kaka hutsa bada ere, ospatu beharra daukagu", dio Francisek, eta ildo horretatik tiraka taldeak doinu dantzagarrien bitartez erabaki du "bizi-baikortasuna" aldarrikatzea. Abesti geldoekin (Adios) zein abesti biziekin (Pequeños heroes) dantzan egiteko. Horretarako garaje rock zoroa –gitarra basatiekin eta estribillo itsaskorrekin– nahastu du dance garaikidearekin, house, electro swing eta dubstep-arekin. Taldekideek adierazi duetenez, Raul Lomasen teklatua eta Joe Gonzalezen saxoa eta klarinetea inoiz baino gehiago entzuten dira. Joe taldekotzat hartu dute, eta boskote zena seikote izatera pasa da. 

Joan den irailean hasi ziren diskoa prestatzen. Aurtengo urtarrilean amaitu nahi, eta martxoan bukatu dute azkenik. "Minik gabeko erditzerik" ez dute ezagutu oraindik, baina hori musikarien ofizioan ohikoa dela diote. 

Zortzi abesti berriek Igor Ahedo EHUko Zientzia Politikoetako irakaslearen prologo bana dute. Ahedoren hitzetan, politika detaile guztietan dago, baita txikienetan ere, esaterako, Doctor Deseoren letretan. Gizakia, baldarra eta hauskorra izanik ere, ametsak betetzera irits daitekeela azpimarratu du Ahedok, eta "ezarritako ordena apurtu eta arriskutsu bihur daiteke sistemarako". "Boterea bera ere hauskorra" delako Francisen arabera. 

CD-DVDren azalera ere eraman du taldeak bere ideologia. Bi emakume akrobata ageri dira ahoan duten euskarri batek lotuta. Emakumeei eta mugimendu feministari eginiko keinua da. Izan ere, mugimendu feministatik edan du taldeak, "mundua beste era batera eraldatzeko indarra duelako", eta bere aletxoa utzi nahi izan du bertan.  

 

Zuzenekoak 30 bat

Birari hasiera emateko gogotsu daude Doctor Deseoko lagunak. Durangoko Plateruenan apirilaren 14an "indartsu" hasiko direla aurreratu dute, "kandela emanez". Maiatzaren 18 eta 19an iritsiko dira Bilbora, Kafe Antzokira. Guztira 30 bat kontzertuko bira lotu dute, Mexiko eta Latinoamerika hurrengorako utziz, "arineketan eta presaka ez ibiltzeko". Izan ere, 30etik gora zuzeneko gehiegi dira taldearen flosofiarako, "musikaren funtzionario bilakatuko ginateke, eta guk gure kontzertuetan dena eman nahi dugu". Disko berriko zortzi abestiak hustuko dituzte zuzenekoetan, eta ostean errepertorio zabaleko abestiak berreskuratuko dituzte. 

 

www.doctordeseo.com