Bertako bideojokoen industria eta jokozaleak elkartuko dituen euskarazko jardunaldia

uriola.eus 2018ko api. 13a, 09:00
Azkue Fundazioko Iurdana Acasuso eta Game Erauntsia elkarteko Urtzi Odriozola

Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldia da Jokoteknia. Jardunaldi honen helburua, bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da. 

Lehenengo edizio honetan, Jokotekniako antolatzaileek euskal bideojoko industriaren aditu, ikasle eta jokalariak elkartuko dituzte, "egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egiteko eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko". Aurkezpenean Urtzi Odriozola euskal bideojokozaleen Game Erauntsia elkarteko ordezkariak adierazi duenez, bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko "egungo diagnosi eta prospektiba bat" egingo dute. 

Maiatzaren 12an, Azkuna Zentroko Bastida aretoan, 09:00-14:00 bitartean hainbat gonbidatuk parte hartuko dute Jokotekniaren lehen edizioan, besteak beste, Iker Alvarez Castellanos [Pokemon, Japonia], Txus Ordorika, Cristian Rodriguez Landeira [Euskal Encounter], Carlos Coronado Muñoz [Pantumaca], Julen Zaballa Garcia eta DigiPeneko Arantzazu Martinez Ugarte, Laura Barrenengoa Clemente eta Andoni Alonso Lizarraldek.

Halaber, egitasmoaren arduradunek CodeSyntaxekin elkarlanean jokoteknia.eus webgunea garatu dute eta bertan, egitaraua, hizlariei eta jardunaldiari buruzko informazioa zintzilikatu da.

Doako jardunaldia izanik, aurretiaz izena ematea gomendatzen da, plaza-kopurua mugatuta dagoelako eta bertaratuko direnei eskainiko zaien arreta hobetzeko. Izena emateko, jokoteknia.eus webguneko izena emateko atala bete behar da.

Jokoteknia Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak elkarlanean  antolatutako jardunaldia da eta CodeSyntaxen eta DigiPenen laguntza izan dute prestaketa lanetan.

 

 

Egitaraua  

09:15 Lokalizazioa edo itzulpengintzaren 'boss stagea'

Iker Alvarez Castellanos (Pokemon, Japonia)

Lokalizazioaren ezaugarri orokorrak eta itzulpen(huts)arekiko ezberdintasuna tratatuko ditu Iker Alvarezek. Japoniako lokalizazio industriaren egoera. Lokalizazioaren bilakaera eta azken aldiko joerak. Q&A, zaleen galderak: industriarako sarbidea, prestakuntza teorikoa eta horren beharra… 

09:50 Bideojoko garapena: 'The good, the bad, the ugly'

Txus Ordorika

Hitzaldian industriaren egoera birpasatuko du Txus Ordorikak, besteak beste, "kontsumitzaile bezala eta zer egin dezakegun garatzaile bezala etxean daukagun hardwarearekin" galderari erantzungo dio. 

10:25 Euskararen zenbaki arazoak

Cristian Rodriguez Landeira [Euskal Encounter]

Bideojokoak euskaraz ateratzeko dauden arazoak aipatuko ditu Cristian Rodriguezek. "Batez ere euskarak daukan arazorik handiena da gaur egun hain garrantzitsuak diren zenbakiak ez dituela". Horren inguruan hitz egin du Cristinak eta beste hizkuntzen adibideekin aztertuko du euskara nola dagoen eta noraino heldu beharko litzatekeen bideojokoak euskaraz posible izateko. 

11:00 Del local al global: beneficis d'implementar el euskera i català en infernium

Carlos Coronado Muñoz [Pantumaca]

Zergatik den garrantzitsua (eta ekonomikoki bideragarria) maila globalean argitaratzen diren bideojokoak euskara, galegoa eta katalana bezalako hizkuntzei babesa emanez aberastea azalduko du Carlos Coronadok. 

11:35 Atsedenaldia

12:10 Euskal bideojokoen hasi-masiak

Julen Zaballa Garcia

Bideo-jokoak dira gehien fakturatzen duen entretenimendu-industria: 108.900 milioi dolar, Newzoo enpresak 2017 argitaratutako txostenaren arabera.

Txina eta Estatu Batuak postu gorenean daude. Espainiar Estatua, berriz, zortzigarrenean. 2016an, Espainiako bideo-jokoek 1.163 milioi euro fakturatu zituzten. Autonomia Erkidegoei erreparatuta, Madril eta Katalunia dira historikoki ekoizle gehien biltzen dituztenak. Euskadi, ordea, bosgarren postuan dago, hau da, Estatuko bideo-joko sortzaileren %7a EAEn bizi da.

"Zer nolako garapena izan du euskal bideo-jokoen alorrak azken 30 urteetan? Industriatzat jo dezakegu ala hasiberria baino ez da?" Galera horiei erantzungo die Julen Zaballak. 

12:45 Mahai-ingurua: Nola ikusten duzue euskal herrian bideojokoen industria? 

Partaideak: Arantzazu Martinez Ugarte, Laura Barrenengoa Clemente, Andoni Alonso Lizarralde [DigiPen].

Aukera bikaina izango da bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendea elkar ezagutu, ideia berriak hartu eta sinergia berriak sortzeko.