Edizino honetan, ezagutzearen belaunaldien arteko transferentziari eta gazteriaren aitzindaritzeari garrantzia emotea da asmoa. Horretarako sorkuntzea sustatzeko, proposamen guztietarako sare sozialak erabiliko dira #heritage4generations hashtag-agaz.
Bizkaiak, aurtengo edizinoan be, apiril osoan zehar foru museoetan eta beste hainbat gunetan jarduera bereziak atonduz, bat egin dau ekimen honegaz. Holan, apirilaren 21ean, zapatuan, Santimamiñeko kobearen aztarnategi arkeologikoaren eta Omako basoaren bisitaldi gidatuak izango dira, 10:00etatik 14:00etara.
Aldi berean, arkeologiaren arloan sakondu nahi dabenarentzat Artxanda basoan, ibilbide arkeologikoa egiteko aukerea egongo da; jarduera hau be zapatuan izango da, 10:00etatik 13:00etara, eta Arkeologi Museoaren eskutik.
Egun horretan bertan, Muñatones gaztetxuentzako argazkilaritza tailer bat egingo da Xabier Armendarizen eskutik, 11:00etatik 13:30era. Horrezaz gan, domekan bisitaldi gidatu bi programau dira gaztelua ezagutu ahal izateko, 10:30ean eta 12:00etan.
La Encartada fabrika-museoak, beste alde batetik, ibilbide bat atonduko dau domekarako, museoa bera, urigune historiko-monumentala eta Balmasedako gaztelua ezagutzera emoteko. Jarduera hau 09:30etik 14:30era egingo da.
Apirilaren 28an, domekan, Barbadun ibaiko burdinolen eta erroten ibilbidea egingo da; jarduera mueta guztietako jentearentzat da eta 10:30etik 13:30era burutuko da El Pobaletik (Muskiz) abiatuta, La Ollako moltso ikusgarria eta eskualdean aktibo dagoan azken errotea bisitatuz eta, azkenik, Galdamesko mahastietan egiten dan aparteko txakolina dastatuz.
Amaitzeko, La Encartadak eta El Pobaleko burdinoleak, biek alkarregaz, ondare industriala ezagutzeko txangoa atondu dabe Iparraldera eta Biarnora astelehenerako, apirilaren 30erako, toki horreetan euskal ehunak egiteko Ona Tiss (Donapaleu) lantegia eta Salieseko (Salies-de-Béarn) gatzaga ezagutu ahal izateko. Bidaia 08:30etik urtengo da, Bilbotik, eta iluntzeko 20:40ean itzuliko da.
Jarduera guztien informazinoa hemen.