Zientzia Azoka 2018, gazteen zientzia eta teknologia topaketa

uriola.eus 2018ko api. 18a, 09:37

Ikertzaile gazteek urtean zehar landutako 90 proiektu zientifiko eta teknologiko aurkeztuko dira larunbatean, Bilboko Plaza Barrian, Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan.

Aurtengo Zientzia Azoka egitarau bete-betearekin dator. Eguerdiko 12:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean erronka bati edo galdera bati erantzuteko landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian.

Gazteek urtean zehar egindako lanak izango dira protagonistak. Aurtengo azokan ere, ikertzaile profesionalek euren proiektuak aurkeztuko dituzte eremu profesionalaren gunean. Azokaren aurtengo nobedade garrantzitsua, Nazio Batuen 2030 Agendaren barruan, Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) jarraiki lanak antolatzea izan da.

Azoka, datuetan:

  • 30 ikastetxetako 90 proiektu aurkeztuko dituzte 313 gaztek: neskak 174, eta mutilak 139.
  • Bartzelonako Exporecerca eta Galiciencia zientzia-azoketan irabazle izan diren 2 talde ere etorriko dira.
  • DBHko 66 talde eta Batxilergoko 24 talde izango dira guztira.
  • Bizkaiako 68 talde, Gipuzkoako 14 talde, Nafarroako 4 talde, Arabako 2 talde, eskolaz kanpoko talde bat, eta estatuko beste azoketako 2 talde izango ditugu.
  • Aurkeztuko diren lanak gaiari, eta Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuei dagokienez, lanak 12 GIH desberdinetan banatuta daude.

Egitaraua

Azokak 3 gune nabarmen izango ditu:

  • Arkupeak. 12:00 - 15:00 eta 16:00 - 18:00 bitartean: gazteen stand-ak.
  • Erdigunea. 12:00 - 18:30 bitartean: ikertzaile profesionalen eremua (UPV/EHU, UEU, Unesco Etxea, Deustuko Unibertsitatea, Elhuyar gunea) eta txikienen tailerrak.
  • Eszenatokia. 19:00etan sari-banaketa.

 

Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta zientzia- eta teknologia-alorreko pertsonak gazteei hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Ekimenaren inguruko informazio gehiago: http://zientzia-azoka.elhuyar.eus/ webgunean.