Mikel Urakenen 'Izaki bizidun berriak'

uriola.eus 2018ko api. 18a, 09:19

Santutxuko musikariak zortzi abestiko 'Izaki bizidun berriak' izeneko lan berria kaleratu du David Tobal bateriarekin eta Gorka Pardo baxu-jotzailearekin batera. Bihar eskainiko dute kontzertua Kafe Antzokian. 

"'Neguaren ostean' (2015), "elurretako izotza ur bihurtzen da, eta urak, mendi eta aranak zeharkatzean 'Izaki bizidun berriak' sortzen ditu", dio Mikel Urakanek bere disko berriena aurrekoarekin lotuz. Izan ere, Urakenek bakarka lan egiteari utzi dio talde-lanean aritzeko, eta ondorioz "izaki bizidun berri bat da". Ez zuen aurreko diskoaren izaera errepikatu nahi, "auzolanerako" gogotsu zegoen, "erronka berri baterako", eta, hori dela eta, hirukotea osatu du lagun dituen David Tobal bateriarekin eta Gorka Pardo baxu-jotzailearekin. "Oso pozik" dago emaitzarekin, eta aurrera begira "banda" formatuarekin jarraitzeko asmoa agertu du.   

Andoaingo Garate estudioan grabatutakoa da 'Izaki bizidun berriak', Gorka Erostarbe, Aiert Goenaga eta Gotzon Barandiaranen testuak baliatuta. Erostarberenak dira hiru abestiren testuak, laugarrenean Urakenekin batera laguntzaile aritu da, Goenagarenak bi eta Barandiaranena bat. Azken abestia, Bai, ikusi zintudan instrumentala da.

Idazleak ez ezik musikazaleak dira hirurak, eta horregatik hautatu ditu Urakenek auzolanerako, "sormenaren aldetik oso aberasgarri delako". Abesti batzutan Uraken bera aurreratu da hitzen egileei melodia aurretik aurkeztuz, eta beste batzutan kolaboratzaileen hitzetatik abiatuta sortu ditu Urakenek doinuak.

Oro har, abesti luzeak dira, lau minututik gorako iraupena du laburrenak (Lantu mamuen dantza) eta hamar minutu, ia hamaikako, luzeenak (Bat instantáneo).  

Ohi bezala etxean egin du lanaren zati bat Santutxuko musikariak. Gero Tobal eta Pardoren ekarpenak jaso, eta komunean jarri ditu abestiak borobiltzeko.  

Ander Barriuso arduratu da soinuaz eta bere ohiko marka pertsonala emateaz.

Lanaren diseinua Asier Garcia Azkuerena da. Beste inor baino hobeto ezagutzen du Uraken, eta "ezin hobeto" irudikatu du bere musika. 

Ostegunean estreinatuko da hirukotea zuzenean, non eta Kafe Antzokian, goiko aretoan. Sarrera doakoa izango da. Ostean, maiatzaren 5ean, Tolosako Bonberenean, eta 18an, Sopelako Plaza Beltza Kulturgunean joko dute. 

 

mikel-uraken.bandcamp.com