Hiru eraikineko eskola da Arangoitikoa eta eskolako kideek ez dakite amiantoa hiru eraikinetako teilatuetan dagoen eta zein egoeran dagoen. Izan ere, eskolara hurbildu ziren hiru teknikariek ezer gutxi esan zieten zuzendaritza taldeko kideei. Amiantoa zegoela eta 2020ko udan kenduko zutela, eskolako iturrien arabera. Ez zieten informazio gehiagorik ez txostenik eman, eta hori izan da joan den asteartean Eskola Kontseiluaren bitartez zabaldu den kezkaren jatorria. Horregatik erabaki zuen Eskola Kontseiluak Koldo Narbaiza Hezkuntza zinegotziari idazkia bidaltzea informazio gehiago eskatuz. Atzo bidali zioten gutuna. Aldi berean, gurasoek hedabideen bitartez zabaldu zuten kezkaren berri.
Eskariak erantzun azkarra izan du. Udaleko ordezkariak gaur goizean egon baitira Arangoitiko eskolan. Koldo Narbaiza Hezkuntza zinegotziak agerraldia eskainiko du epe laburrean.
Gallego Gorriak lehentasuna
Udal teknikariek lehentasuna eman diote Iralako Gallego Gorria ikastetxeari. Arangoitiko iturrien esanetan, "bertako teilatua askoz okerrago dagoelako". Hori dela eta, litekeena da Gallego Gorriko amiantoa kentzeko teilatuko lanak aurtengo udan egitea, ikasleak oporretan dauden bitartean, eta Arangoitiko eskolako lanak hurrengo udan, 2019an, egitea.
Udal gobernuak eskoletako amiantoa kentzeko konpromisoa ez duela bete salatu du EH Bilduk
Eskoletako eraikinen mantenua Udalaren eskumena da. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziaren esanetan, "Udal gobernuak ez du bete material hori kentzeko zeukan konpromisoa. Gardentasunik gabe aritu dira arazo honetan. 2016ko agerraldi batean, adibidez, ez zuten eman zeukaten informazio guztia. Amiantoa zeukaten elementuak kenduko zituztela esan zuten, baina agerian geratu da ez dutela eskoletako amianto guztia kendu. Beldur gara Arangoitikoa ez dela egoera horretan dagoen eskola bakarra".
Fatuarteren ustez, udal gobernuak amiantoa dagoen elementuen inbentario bat egin, plangintza bat abian jarri eta gardentasunez jokatu behar du, "eskumenen aitzakietan ezkutatu gabe".