Indarkeria sexista

Gasteizko erailketa sexista gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute gaur Arriagan

uriola.eus 2018ko api. 23a, 14:00

Gasteizko manifestazioa joan den larunbatean (Argazkia: @HalaKlik)

Arriaga plazan 19:00etan deitu du elkarretaratzea Euskal Herriko Emakumen Martxak eraso sexisten aurrean "aski da" esateko. 

Gizon batek, apirilaren 20an bi emakume erail ostean, bere biotekide ohia eta honen ama, Gasteizko Mugimendu Feministak gogor salatu ditu azken eraso hilketa matxista hauek Arabako hiriburuan egin duten mobilizazio jendetsu batean. 

"Eraso berri hau bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ondorio zuzena" dela ohartarazi dute, "non indarkeria matxista eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea den".

Instituzioei, eragile eta arduradun ezberdinei, mezu zuzena: indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo politikotzat hartu behar da hau. "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu", adierazi dute Mugimendu Feministako kideek manifestazioaren amaieran.

Haserrea kanalizatze aldera, autodefentsa feministarako deia ere egin nahi izan dute. "Gure bizitzak direlako jokoan daudenak, feministok erantzuteko prest gaude". Elkarrekin martxan jarraitzeko deia zabaldu dute, "denak aske izan arte".

 

Elkarretaratzeak

Euskal Herrian zehar egongo diren gainontzeko mobilizazioen berri ere eman dute. Bilbon, gaur, hilak 23, 19:00etan Arriaga plazan.