Erroparen atzean dagoen esplotazio egoera aintzat hartzeko deia

uriola.eus 2018ko api. 25a, 08:41

Argazkia: Ecuador Etxea

Duela bost urte erori zen Savar hiriko (Bangladesh) Rana plazan oihalgintzako lantegia. Eraikinak azpian harrapatuta hil ziren 1.138 langile eta 2.000 baino gehiago zauritu ziren. Mendebaldeko enpresa handientzat baldintza txarretan lanean ari ziren, eta horregatik salatu du Emakumeen Mundu Martxak, besteak beste, "kapitalismoak erail zituela". 

Astarloa kalean Inditex enpresak epe laburrean zabalduko duen eraikinaren aurrean, protestaldia burutu dute hainbat lagunek, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eta Setem Hego Haizea elkartearen Ropa Limpia programak eginiko deiari erantzunez. 2013an Bangladesheko hiriburuan hil ziren langileak oroitzea eta "elkartasun internazionalista eta feminista" adieraztea izan dute xede. 

Era berean, "gure erroparen atzean dagoen langileen eskubideen urraketa eta esplotazio egoera" salatzea izan dute helburu. Izan ere, Zara, Mango, Desigual edota El Corte Ingleseko saltokietan erositako kamisetaren kostuaren %1 jasotzen du langileak. Kamisetak 25 euroko salneurria baldin badauka 0,15 euro jasotzen ditu langileak. 

Mundu mailan oihalgintzako langileen %80 emakumeak dira. Erropa enpresek dirua irabazten duten bitartean, "milioika emakumek esklabotza baldintzetan lan egiten dute", Ropa Limpia programaren arabera. 14 orduko jardunaldiak, soldata ziztrinak eta gutxieneko segurtasun neurrien falta ohikoak dira lantegietan. 

 

Eraikinen segurtasunerako akordioa

Rana plazako eraikinaren erorketaren ondorioz, oihalgintzako markek Bangladesheko Akordioa adostu zuten suteen aurrean lantegietako segurtasun neurriak indartzeko. Akordioak aurtengo maiatzean du epemuga. Beste akordio bat prest dagoen arren, marka guztiak ez dira sinatzearen aldekoak, Setem Hego Haizea elkarteak azaldu duenez. Sinatzearen alde ez daudenek "Bangladesheko lantegiekiko euren ardura modu eraginkorrean adierazteko prozesuan parte hartzeari uko" egiten diotela salatu du.  

 

Eskakizunak

Oihalgintzako enpresei bi eskakizun luzatu dizkiete. Batetik, Bangladesheko lantegietan suteen aurkako Segurtasun Akordioa berritzea eta, bestetik, gardenak izatea eta publiko egitea erropa ekoizten duten lantegien kokapena. 

Europar Batasunari ere egin dizkiote beste bi eskari: "Enpresek banaketa katean gertatzen den guztiaren ardura har dezaten, giza eskubideen diligentziari dagokion arau loteslea gara dezala eta oihalgintzaren industrian lan egiten duten emakumeen lan baldintzak hobe ditzala, bai janzten dugun erropa ekoizten dutenena bai gure herrietako erropa-dendetan saltzen dutenena". 

Herritarrei marken inguruan informatzeko eta horren arabera jarduteko eskatu diete.

 

www.ropalimpia.org 

www.cleanclothes.org