Aburto alkateak Azkuna Zentroa (AZ) zuzentzeko erronka luzatu zion Fernando Perezi, joan den martxoan Lourdes Fernandezek, ia sei urte karguan egon ostean, zuzendaritza uzteko borondatea azaldu zuenean. Ondo ezagutzen du Bilboko Alondegia Perezek. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari postua beste hainbat ardurarekin bateratu du, besteak beste, AZko hainbat programazio lanekin.
Eskarmentu handiko gizona da Perez kultur eta arte proiektuen kudeaketan bai Bilbon bai Bilbotik kanpo. Azpimarratzekoa da "zerbitzu publikoaren optikatik" lanean eman dituen 25 urteak, eta ildo horretatik jo nahi du bere ibilbide berrian ere, AZ "kultura garaikiderako sarbidea" izan dadin artista eta sortzaileentzat zein herritarrentzat.
Bilbo "helduaroan", "bere kultur garai onenetakoan" dagoela adierazi du. Horregatik egungo hau "une egokia da esperientzia eta kultur disziplina berriei atea zabaltzeko, elkarlanerako sare berriei, tokian tokiko ehunei zein nazioartekoei. Horiekin harremana izatera behartuta gaude nazioarteko mapan leku identifikagarria izaten jarraitu nahi badugu", esan du.
Kultura "bidegurutze batean" kokatu du Perezek, "bai bidegurutze propioan bai gizartearekiko duen loturan". Eta kulturan barna egiteko duen bidean, moldatu egin beharko du testuinguru "gero eta konplexuagora", gero eta "aldakorragora", eta horretarako "edukiak berpentsatzeko eta berritzeko eta herritarrei forma, espazio eta modelo berriak proposatzeko beharra" funtsezkotzat jo ditu. Hori egiteko, Azkuna Zentroa "erakunde dinamikoena eta egokiena" da, bere hitzetan.
Lurdes Fernandez orain arteko AZko zuzendariari eskerrak eman dizkio bere ondorengoak, "erakutsitako guztiagatik, kudeaketan izan duen zorroztasunagatik eta Bilboko hiritarrentzat eta kultur sektorearentzat zabaldu dituen ildo berriengatik".
Lurdes Fernandezek bide profezional berria abiatuko du aurrerantzean. Ez da AZtik guztiz aldenduko, aholkulari gisa jarraituko baitu arte materian.
Hausturarik gabe
Fernando Perezekin zentroaren "etapa berria" hasiko da, Aburto alkateak azaldu duenez, "aurrekoarekin haustura izan gabe eta zentroaren ibilbide berari segida emanez, hazten eta zentroaren eta uriaren nazioarte mailako izen ona finkatzen jarraitzeko".
Azkuna Zentroko Administrazio Kontseiluaren aparteko bileran, atzo goizean, berretsi zuten Fernando Perezen izendapena, kultura eta aisialdia sustatzen dituen Bilboko Udalaren diziplina anitzeko espazio horretako zuzendari jarduteko. Hurrengo asteartean, maiatzaren 2an, hartuko du bere kargua.
Curriculuma
Fernando Perez Euskal Filologian lizentziatu zen eta Arte Bisualen Kudeaketarako Nazioarteko Lidergo masterra egin zuen New Yorkeko Unibertsitatean, baita Europako Politika Kulturaletako graduondoa Bartzelonako Unibertsitatean, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta ICCMUko Kultura, Musika, Antzerkia eta Dantza kudeatzeko masterra ere. Horrez gain, Japan Foundation for Performing Arts fundazioaren Europako aholku-batzordeko kidea izan da, baita Uharteko Arte Garaikideko Zentroko patronatuko lehendakaria eta Jorge Oteiza Museo Fundazioko patronatuko idazkaria ere.
Bilboko garaian garatu zituen zeregin profesionalen artean, Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia (BAD) eta Kaleko Arteen Jaialdia bultzatu eta zuzendu zituen, Egoitza Artistikoen programa eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren programazioa koordinatu zituen, hizlari lanetan jardun zuen nazioarteko hainbat topaketatan eta parte-hartze aktiboa izan zuen kultura-kudeaketari buruzko zenbait argitalpenetan.