Migratzaileek mundu zabalean dituzten arazoak, "hemen, gure herrian ere baditugulako"

uriola.eus 2018ko api. 26a, 11:43

Euskal Herriko Ongi Etorri Plataformek antolatutako Mugak Zabalduz karabana hiru egunez, apirilaren 28tik 30era, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da Europar Batasunaren migrazio politikak salatzen, gobernuei "benetako harrera politika" eskatzen eta migratzaile eta errefuxiatuei babesa agertzen.

Migratzaileek mundu zabalean dituzten arazoak, "hemen, gure herrian ere baditugu" eta horixe jendarteratzea du xede larunbatean irtengo den Mugak Zabalduz EH karabanak. Izan ere, Euskal Herria ez da salbuespena. Esaterako, etengabe iristen diren pertsona migratzaileei behar bezalako harrerarik eta arretarik ez zaie eskaintzen Itziar Fernandez Mendizabalen hitzetan, eta "gurekin batera bizi diren migratzaile horientzat" Atzerritartasun Legea "kartzelarekin" alderatzen du Javi Seco Gonzalezek.

Biak ala biak Bizkaiko Ongi Etorri Plataformako kideak dira eta Mugak Zabalduz EH karabanaren antolatzaileak. Aurtengo uztailean Italiara joan baino lehen, duela bi urte Greziara eta iaz Melillara egin zuten bezala, apirilaren azken egunetan "ikuspuntua hemen jartzea" erabaki dute, "gure gobernuei, lurraldekoei eta tokian tokikoei, benetako harrera politika eskatzeko eta migratzaile eta errefuxiatu guztiei babesa agertzeko".

Larunbatetik hurrengo astelehenera errealitate desberdinak ezagutzea, sentsibilizazioa zabaltzea eta salaketa egitea izango dute xede. Besteak beste, Hendaian Espainia eta Frantziaren arteko mugan egiten dituzten pertsonen itzulketak eta migratzaileak sartzeko zabaldu duten zentro berria, Andoainen armak ekoizten dituen SAPA enpresa, Iruñean poliziak atxilotu ostean 2016an komisaldegian hil zen Ndiaye gazte senegaldarraren kasua eta arrazan oinarritutako sarekada polizialak, Oionen etorkinen lan esplotazio egoera eta Gasteizen zenbait ikastetxek bizi duten hezkuntza segregazioari erantzuteko ekimenak ezagutuko dituzte. 

 

Apirilak 30 

Astelehenean, hilak 30, helduko da karabana Bilbora. 11:30ean, "migratzaile baten hileta-martxa" antzeztuko dute Kale Nagusian zehar, Atzerritarren Bulegoaren parean bukatuz.

Bilbotik Santurtzira eta Zierbenara joko dute bi herrien artean giza katea osatuz. Santurtziko portuan "armak Saudi Arabiara bidaltzeko eta Yemen suntsitzeko batere arazorik ez dagoela" salatuko dute, eta, bai, aldiz, Zierbenako portuan Bretainia Handira joan nahi duten 70 bat gazterekin. "Bidea oztopatzeko harresi lotsagarri bat eraiki dute", Arantzaren esanetan. 

Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan amaiera borobila emango diote karabanari kantuan eta dantzan. Hainbat kontzertu antolatu dituzte horretarako. 

 

mugakzabalduz.eus

[2018-03-26] Migranteen eta errefuxiatuen egoera salatzeko karabana antolatu dute