Herritarren erantzunak erasotzat jo duen epaia

uriola.eus 2018ko api. 27a, 08:38

Argazkiak: Ecuador Etxea

'La Manada' auziko bost auziperatuen aurkako epaia ezagutu ahala zabaldu zen haserrea eta amorrua herritarren artean. Sare sozialetan Justizia Jauregiaren aurrean arratsaldez elkarretaratzeko deiak erantzun zabala izan zuen Bilbon. 

Ehunka eta milaka pertsona izan ziren atzokoan Buenos Aires kalea lepo bete zutenak, trafikoa eteteraino. Bilboko Justizia Jauregia herritarren haserre eta amorruaren jomuga izan ziren. Iazko Sanferminetan bost gizonek emakume bati atari batean eginikoa "ez da sexu abusua, bortxaketa da" zioten. Nahiz eta justiziak bestelakoa ebatzi, indarkeria eta beldurrarazterik existitu ez zelako. Bidegabetzat eta erasotzat jo dute atzo Nafarroako Lurralde Auzitegiak ezagutzera emaniko ebazpena. Horregatik galdetzen zuten "non dago justizia?". 
 
Izan ere, asko izan ziren 'La Manadarena' kasu isolatua izan ez dela agertu zuten lagunak. Arazoaren muina patriarkatuan kokatzen dutenak. Horregatik fokoa justizia patriarkalean jartzeko eskatu zuten behin eta berriro, eta bere beharrezko aldaketan. "Borroka feminista" aldarrikatu zuten aldaketak eragiteko bide gisa. 
 
Epai gogorragoa espero zuen jendarteak, eta neurri handian kaleratu zen kasua salatu eta juztiara jo zuen biktimari elkartasuna adieraztera, "nik sinesten dizut" eta "hau da gure manada" bezalako mezuekin. Erasorik ez uzteko erantzunik gabe. 
 
Elkarretaratzera bertaratuek Justizia Jauregitik Udaletxera jo zuten bat-bateko manifestazioan. Bertan, Zutik emakumeak martxoaren 8ko ereserki feminista kantatuz eman zioten amaiera protestaldiari.