Bilboko Udalak bere buruari jarritako "parte-hartzearen gometxa" hutsala da Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren arabera. Adibide gisa jarri du federazioko kide Alaitz Argandoñak hiritarren eta elkarteen parte-hartzea "murriztu duen" Barrutietako Kontseiluen jardunari eragiten dion arau berria. Arau berriaren ondorioz, auzotarren iritzi eta proposamenentzat udal erakundeetako ateak itxita daude. "Baiezkoa jaso arren, proiektuek jarraipenik ez izateaz" gogaitu direla dio Alaitzek.
Ez da soilik auzo elkarte batzuen errealitatea. Guztiena baizik. Eta ez soilik auzo elkarteena, orokorrean elkarte eta kolektibo askorena baizik. "Bilbon bizi eta lan egiten dugun eragileok dugu arazo bera", eta horregatik lortu du federazioaren Beste Bilbo bat posible da, kale ez da isilduko manifestaziorako deialdiak 200 bat eragileren babesa.
Babes bilketaren bidean, "besteen arazoak" ezagutzea aberasgarria izan da Bilboko Auzo Elkarteen Federaziorentzat, besteak beste, zenbait eragileekiko aurreiritziak gainditzeko baliagarria izan delako. Kudeakea lan handia egin dute federazioko kideek hainbesteren eta hain ezberdinen eskakizun eta aldarrikapenak dekalogo batean bateratzen. Gai izan dira "nork bere esparruan defendatzen duena besteenarekin komunean jartzeko".
Aburto alkatearen arabera manifestazioaren atzean dauden eragileek "amalgama" osatzen dute. Alaitzen iritziz, "oso ondo irudikatzen dute Bilboko benetako argazkia".
Biharko manifestazioan Bilbon bizi direnen eta lan egiten dutenen aldarrikapenak lehentasun izan daitezela eskatuko dute. Egungo Bilbon asko ez direlako pozik bizi, eta "beste Bilbo bat posible dela" sinetsita daudelako.
[2018-04-25] Berrehun eragilek dekalogo bat adostu dute "beste Bilbo bat" aldarrikatzeko
[2018-04-16] Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak kalera ateratzera dei egin du apirilaren 28an