Zinemaldi Fantastikoaren 24. edizioa martxan dago jada, eta aurtengo ediziorako, nazioarteko 18 film luze, bere historiako aukeraketarik handiena, jasoko dituen Sekzio Ofizial interesgarria programatu da. Zinemaldiak bihar irekiko ditu ateak, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokian, une honetako lan zirraragarrienetakoa den Johannes Roberts zinegile britainiarraren Los extraños: Cacería nocturna lanaren premierearekin.
Horrez gain, inaugurazio jardunaldiak Joe Dante zine zuzendariaren presentzia ere izango du. Beste lan batzuen artean Gremlins edo El chip prodigioso egin dituen zinegileak zinemaldiaren ohorezko saria jasoko du, generoaren barruan ibilbide osoa aintzatesten duen FANTastikoaren Izarra, hain zuzen ere. Fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria, berriz, duela denbora gutxi Errementari lehenengo lan luzea estreinatu duen Paul Urkijo zinegile gasteiztarrak jasoko du edizio honetan. Bertakoen presentzia garrantzitsua izango da aurten ere, FANT LABURREN sailean 11 euskal film labur ikusi ahal izango baitira.
Lehiaketako Sekzio Ofizialaren barruan, Film Luze Hoberenaren, Gidoi Hoberenaren eta Zuzendari Hoberenaren FANT 2018 Sariak eskura ditzaketen 18 filmak –2017an baino bi gehiago eta zinemaldiaren historiako aukeraketarik handiena– lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, baina horrez gain, horietako bost Estatu osoan ere lehen aldiz ikusteko aukera izango da: Maurice Haeems zuzendariaren Chimera (IND/UAE/AEB, 2018); Guillermo del Torok hurrengo proiektu batean laguntza emango diola iragarri duen unean bere filma aurkeztera Bilbora etorriko den Issa López mexikarraren Tigers are not Afraid (MEX, 2017); Rainer Sameten November (EST/NETH/POL, 2017); Bilbora bere lana aurkeztera etorriko den Karl R. Hearneren Touched (KAN, 2017); eta Mathieu Turi zinegile frantsesaren Hostile (FRA, 2017).
Izarrak
Bigarren urtez jarraian, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, FANTastikoaren Izarra saria banatuko du, fantasiazko generoaren barruko ibilbide osoa aintzatesten duen ohorezko saria. Aurtengo edizioan Joe Dante zuzendariari emango zaio FANTastikoaren Izarrasaria.
1946an jaio zen Morristownen, New Jerseyn. Roger Corman mitikoaren faktorian trebatu zen editore gisa, zuzendaritzarako jauzia eman zuen arte, Allan Arkush-ekin batera Hollywood Boulevard (1976) zuzenduz. 1978an bakarrik aritu zen John Sayles hasi berriak idatzitako Pirañalanean, eta harekin batera egin zuen lan berriro Aullidos (1981) filmean.
1983an arrakastaz betetako lankidetzari eman zion hasiera Steven Spielbergekin, bera zuzendari eta Spielberg ekoizle, The Twiligh Zoneserie mitikoaren zine moldaketaren segmentuetako bat zuzenduz. Lankidetza horrek beste lan askorekin izan zuen jarraipena: Gremlins (1984) arrakastatsua, haren ondorengo Gremlins 2 (1990) edo El chip prodigioso (1987). Egin dituen beste lan ezagun batzuk Exploradores (1985), No matarás al vecino (1989), Matinee (1993), Pequeños guerreros (1998) edo orain arte egin duen azkenengo film luzea, Burying the Ex (2014), izan dira.
Zinemaldiak eskainiko dion omenaldiaren barruan, zinemaldiko FANT2FUN sekzioan, maiatzaren 5ean, larunbatean, 22:15etik aurrera, ikus-entzuleek Gremlins (1984) mitikoak eta The Howling (1981) klasikoak osatutako zine saio bikoitzaz gozatu ahal izango dute pantaila handian.
Joe Dantek zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian jasoko du ohorezko saria, maiatzaren 4an, 20:00etatik aurrera, Campos Antzokian. Ekitaldi horretan bertan, baina beste aldean, Fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria banatuko zaio duela denbora gutxi Errementari (2018) lehenengo lan luzea estreinatu duen Paul Urkijo zinegile gasteiztarrari. Bere lehenengo lan luzearen emanaldia maiatzaren 10ean izango da, 20:00etan, Golem zine-aretoetako 1. aretoan.
Sarrerak
Golem-Alhondiga zine aretoetan ordaindu beharreko saio guztietara, Campos Antzokiko inaugurazio ekitaldira eta BBK Aretoko amaierakora sartzeko aukera ematen duen zinemaldi osorako abonua –beti ere aurretik txarteldegitik igaro ondoren, 30 euroren truke egongo dira, Golem – Alhondiga aretoetako txarteldegietan. Euren abonua Golem – Alhondiga aretoetako txarteldegietan jasotzen duten lehenengo 25ek La Aventura banaketa etxearen film baten DVD bat jasoko dute. Horrez gain, abonuarekin %50eko beherapenaz erosi ahal izango dira edizio honetako kamiseta ofizialak.
Saio bakarrerako sarrerek 5 euro balioko dute (maiatzaren 7an, 8an eta 9an “ZINEAREN JAIA”, sarrera 2,90 euro), eta astelehenetik, apirilaren 16tik, aurrera egongo dira salgai proiekzio gune bakoitzeko txarteldegietan eta webguneetan: Golem – Alhondiga, BBK Aretoa eta Campos Antzokia. Golem-Alhondiga zine aretoetako 2. aretoan programatutako zine saio guztietara dohainik sartu ahal izango da, leku guztiak bete arte.