Gorka Pagonabarraga Bizkaiko eskolarteko txapelduna

uriola.eus 2018ko mai. 7a, 12:51

Bizkaiko eskolarteko idatzizko eta bat-bateko txapelketak jokatu dira asteburu honetan. Maddi Egiguren santutxuarra eta Maite Sarasola deustuarra bat-bateko finalean aritu dira.

Bizkaiko eskolarteko bertso idatzien finala eta bat-bateko sariketaren finala jokatu dira Balmasedan, 18 urtetik beherakoen bertso sariketak. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da eskolartekoa.

Goizean, 10:00etan hasi da bertso idatzien finala. 200 gaztetik gora elkartu dira Balmasedako frontoian. LH5etik batxilergora arte, mailaka jokatzen da idatzizkoa. Ostean, bat-bateko finala jokatu da 11:30ean Klaret Antzokian. Aurten 35 parte hartzaile egon dira bat-bateko txapelketan eta lau kanporaketa jokatu dira. Horietatik zortzi heldu dira finalera, hauek:

  • Amaiur Atxa (Areatza)
  • Ander Sarriugarte (Durango)
  • Bittor Altube (Abadiño)
  • Gorka Pagonabarraga (Durango)
  • Iruri Altzerreka (Berriz)
  • Maddi Egiguren (Santutxu)
  • Maite Sarasola (Deustu)
  • Peru Irastorza (Getxo)

Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin dute gazteek, eta ostean, bakarka gaiari erantzun. Ariketa horiek egin ostean, Gorka Pagonabarraga eta Iruri Altzerreka izan dira buruz-burukora sailkatu diren bertsolari biak. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan dute atal honetan.

Buruz burukoa jokatu ostean, Gorka Pagonabarragak batu ditu puntu gehien, eta beraz, 2018ko Bizkaiko eskolarteko txapela lortu du. Txapela Miren Amuriza Plaza bertsolariak ipini dio txapeldunari. Buruz burukoa jokatu duten bertsolari biak, ekainaren 9an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalera sailkatu dira.

Bat-bateko   finalean   aurkezle   beharretan   Oier   Iturralde   Fernandez ‘Atano’ aritu da. Epaimahaia, ostera, Beñat Romero Maguregik, Josu Telleria Uriartek eta Leire Etxebarria Gazteluk osatu dute.