Txomin Agirreren 'Kresala' hautatu dute irakurketa jarraitua egiteko ekainaren 7an Arriagan

uriola.eus 2018ko mai. 8a, 11:45

Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle eta irakasleek Klasikoen irakurketa jarraitua antolatu dute hamaikagarrenez, ikasturtearen amaieran eta Ikasleen Jaia ospakizunaren barruan. Irakurketa eta jaia, biak bat. 

Aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, iaz Itxaro Bordaren %100 Basque eta aurten Txomin Agirreren Kresala.

Zer irakurri erabakitzeko orduan, lehenengo lau edizioetan, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu dute Bilbo Zaharra euskaltegiko lagunek. Hots, XVI. mendeko liburu batekin hasi, XVII. mendeko beste batekin segi, XIX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu zuten. Hiru jauzi izan ziren: bi ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat berrogeita hamarrekoa, euskal literaturaren historian barrena.

Azkenengo hiru edizioetan, aldiz, bestelako irizpidea baliatu dute. Zergatik panpox-en kasuan, emakumezko literaturaren aitzindari izatearena; Obabakoak-enean, argitaratu zeneko 25. urteurrena ospatzearena; 2014koan, euskal poesiari ateak zabaltzea eta, bidenabar, liburuaren 50. urteurrena ospatzea. Orain dela bi urte, Joseba Sarrionandiak narrazioen ibilbidea bukatu zueneko 25. urteurrena izatea eta, ondoren, lehen aldiz, itzulpenaren balioa eta garrantzia nabarmendu eta aldarrikatu nahi izan zuten. Iaz, estereotipoetatik ihesi, gaur egunera etorrita eta euskal literaturan emakumezkoen protagonismoa aldarrikatuz, Itxaro Bordaren %100 Basque.

Aurten, "bizkaieraren garrantzia azpimarratuz eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak ospatuz", Txomin Agirreren Kresala izango da protagonista.

Garrantzia handikoa, dudarik gabe, ekainaren 7an egingo duten irakurketa-jaia, beti bezala, Arriaga antzokian. Hamabi ordu, 400 irakurle, 50 eragile sozialak… irakurle eta entzule, guztiak gonbidatu dituzte "literatura eta euskara batzen duen jaira".

 

bilbozaharra.eus