Aditu eta profesional euskaldunen sare sozial berria

uriola.eus 2018ko mai. 8a, 10:15

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Artizarra izeneko sare soziala aurkeztuko du bihar, hilak 9, Bilborock aretoan. Egitasmoaren helburua "aditu eta profesional euskaldunak harremanetan jartzea eta eztabaidak sustatzea da", UEUk iragarri duenez.

Proiektuak Inguma datu basea du oinarrian eta urte amaierarako 500 aditu bildu nahi ditu –400 bildu ditu jada–. Aurkezpen ekitaldian Artizarra zer den ezagutuko da ikertzaile batzuren eskutik, eta musika eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da.

Aurkezpen ekitaldia 18.00etan hasiko da, Bilborock aretoan, eta Iñaki Alegria UEUko zuzendari ohiak, Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, Itziar Garate astrofisikariak, Nagore Elu biokimikariak, XanO musika taldeak eta Oihan Indart dantzariak parte hartuko dute.

 

Proiektua

Artizarra proiektuak UEUk kudeatzen duen Inguma komunitate zientifiko euskaldunaren datu-basean du oinarria. Ingumak azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen du, hau da, euskaraz zer egin den eta nork egin duen biltzen du.

Abiapuntu horretan oinarrituta, UEUk "pauso bat gehiago eman nahi du" eta Artizarra sare soziala martxan jarri du. Egitasmo honen helburu nagusia "ikertzaile zein profesional euskaldunen arteko harremanak ahalbidetzea da. Horretaz gain, komunitate zientifiko-profesional hau ezagutarazi nahi dugu".

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzaz jarri dute martxan.

 

Zergatik Artizarra?

Artizarra eguzki-sistemako planeta da, hau da, ez dago isolatuta. Artizarra egitasmoa ere sakabanatuta dauden adituak bildu eta elkar ezagutzeko jaio da, haien arteko elkarlana eta eztabaidaguneak bultzatuz.

Planeta horrek 'izarra' izena bere baitan du, eta dakigun bezala, izarrek gizakia gidatu izan dute betidanik. Artizarrak ere erreferentziazko topagune izan nahi du. Horretaz gain, Artizarrak beste planeta gehienen kontrako errotazioa dauka. UEU ere ohituta dago "kontrakorrontean lan egiten, ohikoak diren bideetatik kanpo aukera berriak irekitzen", eta horregatik guztiagatik jarri diote sare sozial berriari Artizarra izena.

 

www.artizarra.eus