Joan den maiatzaren 2an, 70 urteko emakume bat hil zuen 80 urteko bere bikotekideak ehizako eskopeta batekin Bidarten (Lapurdin). Hainbat orduz etxean gotortuta egon ostean, gizonak bere burua entregatu zuen. Atxilotuta dago harrezkero.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eraso sexisten protokoloa abian jarri du eta, gaur, hilak 9, elkarretaratzeak deitu ditu hainbat hiri eta herritan. Bilbon, 19:00etan, izango da hitzordua Arriaga plazan.
Bi astetan lau emakume erailak
Joan den apirilaren 27an, 32 urteko emakume bat zendu zen Donibane Garazin (Behe Nafarroa) auto batek harrapatuta. Jendarmeriak ikerketa abiatu, eta auto-gidaria, bere bikotekide ohia, atxilotu zuen. Istripua edo nahita egindako harrapaketa izan den argitzen luzatu zen ikerketa. Emakumeen Mundu Martxak "erailketa" izan zela jakinarazi zuen arte. Maiatzaren 1eko mobilizazioetan salatu zen Donibane Garaziko erailketa.
Apirilaren 20an, Gasteizen (Araban) gizonezko batek bi emakume erail zituen labankadaz, Lakua-Arriaga auzoan. Erasotzailearen bikotekide ohia eta haren ama izan ziren hildakoak; 43 urteko andre bat eta 69 urteko beste bat. Ertzaintzak atxilotu egin zuen 46 urteko gizonezkoa, hark etxebizitzari su eman eta leihotik salto egin ondoren.