Fermin Muguruzak zuzenekoa eskainiko du ostegun honetan

uriola.eus 2018ko mai. 9a, 10:36

Iruneko musikaria Fermin Muguruza eta The Suicide of Western Culture bere proiektu berriarekin dator Bilboko Kafe Antzokira. La Furia rap-abeslaria izango da gau horretako talde gonbidatua.

Fermin Muguruzak ez du bere hogeita hamarka urteko karrera amortizatutzat eman nahi, eta orain, bere ibilbidean inork espero ez zuen gidoi-biraketa eginez, soinu-proiektu berri bati ekin dio. B-Map 1917 + 100 lanak, batetik, Errusiar Iraultzaren ehungarren urteurrenaren itzala luzatzen du planetako hamar eremu geografiko ezberdinetan, eta bakoitzean, B letraz hasten den hiri baten gainean: Bilbo, Bartzelona, Beirut, Buenos Aires, Brazzaville, Belfast, Berlin, Bogotá, Belgrado eta Baton Rouge. Hamar kalejira musiko-politiko-emozional dira, non Fermin Muguruzak gaur egungo munduaren haserre, gatazka eta iraultza-orroak mapeatzen dituen.

Bestetik, talka-elektronikako bikote bartzelonarrarekin (Juanjo Fernández eta Miquel Martínez) landutako industria eta tribu-kantu andana guztiz bat dator Ferminen ibilbidearekin. Beti egon baita sortzeke dauden musika berrien alde. Beti soinu-hots ezagunak mugaraino behartzen. Egindakoari begira bertan goxo egon ordez, nahiago izan du aurrera begiratu gauza berrien gose-egarriz.

B-Map 1917 + 100 lan garrantzitsua da, zentzu askotan. Zuzenean, eta Karlos Osinaga “Txap” gitarra-jotzailea lagun dutela, diskoa ikus-entzunezko esperientzia bihurtzen da Ferminen eta TSOWCren eskuetan. Jendaurreko beste abentura batzuetatik aldenduz, euskal konpositoreak beretzat guztiz berria den genero berri bati heldu dio, beste behin ere oholtza gainean berezkoa duen indar ikaragarri hori erakusteko.

Kontzertua ostegun honetan izango da, maiatzak 10, Bilboko Kafe Antzokian. Sarrerak gaueko 21:00etan irekiko dira eta sarrerak salgai daude, bai Kafe Antzokiaren web gunean, bai antzokian bertan 15/18€ bitartean.