Erakundeak kargutzeko, Ugaitz Alegria aktoreak jasandako lapurreta bortitza salatu du

uriola.eus 2018ko mai. 9a, 16:00

Dirua eta telefonoa lapurtzeko, lurrera bota eta jo egin dute bi lagunek Ugaitz Alegria aktorea etxera zihoala. Sudurreko hezurra hausteraino. Inoiz ez du pareko erasorik jasan. Gertatua publiko egin du inguruan lapurreta bortitzek gora egin dutela ziurtatu ostean. "Zarata" egitea erabaki du, erakundeak kargutzeko. 

Sarri ibili da bakarrik goizaldeko ordu txikietan Bilboko oso auzo desberdinetan. Behin baino gehiagotan lapurtu diote jakea edota motxila. Baina orain arte inoiz ez dute jo lapurreta egiteko. 

Ugaitz Alegria etxera zihola lurrera bota zuten bi lagunek joan den igande goizaldean San Frantzisko kale amaieran, Cantalojas zubitik gertu. Lurrera bota, patrikak miatu, eta diru-zorroko dirua eta telefono mugikorra kendu zizkioten. "Dena zeukatenean, danba, aurpegian jo ninduten", kontatu dio URIOLA-ri. Lapurrek bizkor alde egin zuten. Ugaitz beherala hasi zen sudurretik odoletan. Aurreko espaloian zegoen pertsona batek geratu zuen paretik pasatzen ari zen anbulantzia. Bertan artatu zuten. Ertzaintza ere azkar agertu zen. Gertatua kontatu zien Ugaitzek ertzainei, eta ostean ospitalera eraman zuten. Sudurreko hezurra hautsita dauka. Ostiralean esango dioete ebakuntza egingo dioten.

Haserre eta amorratuta, gertatua sare sozialetan kontatzea erabaki du Ugaitzek. Ez bere burua biktima gisa agertzeko, "Bilbon gero eta gehiago gertatzen ari dena ikusgai egiteko". Izan ere, bere auzokide batek lapurreta bortitza jasan zuen duela gutxi. "Atzetik jarraitu zioten atariraino, eta eskaileretatik behera bultzatu zuten". Ospitalean ere antzeko erasoak gero eta gehiago gertatzen direla jakinarazi diote. "Norbait hiltzen dutenean edo begi bat aterazen diotenean bakarrik agertzen da erasoen berri hedabideetan. Zenbat eraso egongo dira hedabideean agertzen ez direnak? Hain potenteak ez direnak? Bada, gero eta gehiago". Eta Ugaitzen ustez, "zeozer falta den seinale da: segurtasuna, gizarte lana...". Ez du ulertzen erresistentziarik agertu ez, eta erasotua izatea. Horregatik erabaki du "zarata egitea". Ez alarma pizteko, "errealitate bat kontatzeko eta erakundeak kargutzeko" baizik.