Gatazka politikoak eragindako ondorioak aztertuko dituzte 'Gazteak eta memoria' saioan

uriola.eus 2018ko mai. 10a, 08:30

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Foro Sozial Iraunkorrarekin batera, Gazteak eta memoria: elkarrekin bizitzeko solastu saioa antolatu du gaur, hilak 10, 18:30ean, Bilborock aretoan. Helburua gazteek bizikidetzarekiko eta memoriarekiko dituzten gogoetak aztertu eta esperientziak elkarbanatzea da.

Dokumental batekin abiatuko dute saioa, Gazteon aukera: elkarbizitzaren erronka izeneko dokumentalarekin. Dokumentalak EGK-k, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin batera, bake positiboaren eraikuntzan egindako lana jasotzen du. Bi urtetan zehar (2014-2016) egindako lanaren isla da, non 250 gazte baino gehiagok parte hartu zuten bake eta bizikidetza kultura sustatzeko EGK-k antolatutako hainbat ekintzetan. Filman ekimen hauetan parte hartu zuten hainbat gazteren gogoetak, ideiak eta esperientziak jasotzen dira. Honetaz gain, 30 urtetan zehar EGK-k gai hauek nola landu dituen islatzen du. Bizitzari eta desberdinari errespetua ezinbesteko balore izan dira enpatiatik abiatuz irtenbide partekatuak eraikitzeko.

Proiekzioaren ostean, Sufrimenduaren kartografia integral baterantz dinamika parte-hartzaileari ekingo diote.

Foro Sozialak dionez, gaur egun gatazkaren ondorioen inguruan jardutea "oinarri-oinarrizko ariketa" da "egiari, gertatutakoaren errelatoari eta memoria indibidual eta kolektiboari ekarpen bat egiteko". Dinamika honetan proposatuko den ariketak testuinguruan sorrarazitako sufrimendu mota guztiak identifikatzea du helburu. "Bakoitzaren esperientziatik osatutako kartografia hau bizikidetza lekukotuko den agertoki bat eraikitzeko tresna izatea nahi genuke", diote EGK-ko kideek. 

Gai hauekiko gogoeta elkarbanatzeko interesa duen 18-30 urte bitarteko gazteek gaurko saioan parte-hartzeko aukera izango dute. Hitzordua, 18:30ean Bilborock aretoan.  

 

egk.eus