Konpromisoa zine fantastikoarekin

uriola.eus 2018ko mai. 10a, 13:26

Fantrobia saria eman dio Fant jaialdiak Errementari filmaren gidoilari eta zuzendari Paul Urkijori. Harro onartu du zinemaldi fantastikoak egin dion aitortza eta bere gain hartu du zine fantastikoa egiten jarraitzeko konpromisoa. 

Lotura handia du Paul Urkijok (Gasteiz, 1984) Fant zine jaialdiarekin. Besteak beste, Leioako fakultatean Arte Ederrak ikasten ari zela egindako lehen laburrak Fanten pantailaratu ziren, "garai bateko Ideales zinemetan". 

Pozik dago Paul Errementari bere lehen lan luzeak duela sei hilabete Sitgeseko zine jaialdian estreinatu ostean izan duen ibilbidearekin, bai ikusleek bai kritikak ondo hartu dutelako. Ez zuen espero hain harrera zabala izatea, hain publiko anitzera iristea, gazteengana zein helduengana. Agian, deabruaren inguruko film beldurgarriak fantastikotik eta umoretik ere baduelako. 

Honezkero esku artean beste proiektu bat dauka Paulek. Ez du informazio gehiegi eman nahi. "Lokala eta nazioartekoa" izango da, fantastikoa, noski, zine fantastikoa egiten jarraitzeko konpromiso irmoa hartu baitu. Errementari egiteko behar izan dituen zazpi urte pasa baino lehen pantaila handian ikusiko dugula dio. 

Gaur, 18:00etan, Golem zinemetan Errementari ikusteko aukera izango da, Fant jaialdiaren baitan.