Justizia patriarkalaren aurka, ikasleek greba burutu dute

uriola.eus 2018ko mai. 10a, 16:53
Argazkia: @AsketaBorroka

Erantzun zabala izan du Bilbon Ikasle Sindikatuak, Ezker Iraultzaileak eta Emakume Aske eta Borrokalariak gaur eguerdian 'La Manada'-ren epai "lotsagarria" salatzeko egin duten manifestazio deiak. "Justizia patriarkalari" zuzenduz, ozen oihukatu dute ehunka ikaslek "ez da abusua, bortxaketa da" mezua. 

'La Manada' kasuaren sententzia "lotsagarria" salatu nahi izan du Ikasle Sindikatuak gaur Estatu osoan greba eginez. "Milioika emakumeren, eta kontzientziadun gizonezko askoren samina" piztu duelako epaiak, auziperatuak bortxaketa egiteaz absolbituz eta bederatzi urteko kartzela zigorra "bakarrik" ezarriz gehiegikeria sexualak egiteagatik. "Epaileek ukatu egin dute 18 urteko gaztearen aurkako eraso basatian biolentzia egon zenik", adierazi dute Ikasle Sindikatuko kideek. Horregatik ez dute onartuko "epailearen toga daramaten hiru atzerakoik ezartzea taldeko bortxaketa bat ez dela bortxaketa". 

Manifestazio amaieran, 'La Manada' auziko epaileei kritika gogorra luzatu diete, "bortxaketa delitua legeztatzea" leporatuta: "Gaizki deituriko justiziak, biktima eszenatoki publikora jazarri ondoren, modu lotsagarrian beheratu ditu defentsak eta fiskaltzak eskaturiko zigorrak, ez zela bortxaketa izan esanez, gehiegikeria sexuala baizik. Nola ausartzen dira. Sinestezina eta nazkagarriak da. Sententzia hau emakumeak erasotzeko eta bortxatzeko gonbidapen hutsa da. Taldean bortxatu daiteke, bideoz grabatu, zabaldu, fisikoki eta psikologikoki torturatu delitu hori zigortu gabe. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Bortxaketa delitua legeztatzea da. Hori da justiziak esaten duena". 

Pazientzia aspaldi agortu zaie. "Ez diezagutela legeez hitz egin PPko ustelak epaitzerako orduan ez ikusiarena egiten duenean", diote. Ildo horretan, nazka eta samina "antolakuntzarekin eta borrokarekin eraldatzeko" deia zabaldu dute, bortxatzaileentzat "zigor eredugarria" exijitzeaz bat.   

 

[Ikasle Sindikatua: “La Manadaren” sententzia lotsagarria. Kanpora justizia matxista eta patriarkala! Aski da, biolentziarik ez emakumeon aurka!]