Polemika artean inauguratu dute Txinako arte garaikidearen inguruko erakusketa

uriola.eus 2018ko mai. 11a, 08:59
'Munduaren antzerkia' ('Theater of the World', 1993) - Arg. arteychina.guggenheim-bilbao.eus

Adierazpen askatasunaren eta animalien eskubideen arteko muga eztabaidagai da egunotan Bilbon. Guggenheim museoan paratu duten Txinako arte garaikideari buruzko erakusketako bi pieza dira eztabaidaren iturri. Museoko arduradunek artisten adierazpen askatasuna defendatzen duten bitartean, animalistek eta antiespezistek adierazpen askatasuna animalien tratu txarrean ezin dela oinarritu salatu dute.

Talde animalista eta antiespezistek gogor kritikatu dute animalia bizidunen erabilpena Guggenheim Bilbao Museoan paratu duten Artea eta Txina 1989 ondoren, munduaren antzerkia izeneko erakusketan. Hain zuzen ere, bi artelanetan. Bi lanok, baita hirugarren bat ere, ez ziren New Yorken erakutsi, animalien eskubideen aldeko taldeek eginiko presioagatik –aurkako 600.000 sindura bau ziren–, nahiz eta museoko arduradunek segurtasun arrazoiengatik izan zela adierazi. Bilbon, ordea, erakustea erabaki dute. "Animaliek ez dutelako tratu txarrik jasan", Juan Ignacio Vidartek adierazi duenez. Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak artisten adierazpen askatasuna errespetatzeko eskatu du.

Baina BBAA Antiesezista taldearen arabera, "adierazpen askatasunak ez dakar animalien esplotaziorik". Hori dela eta, animalien esplotazioaren aurka dauden herritarrei dei egin die gaur, hilak 11, 18:30ean Guggenheim aurrean egitekoak diren protestan parte hartzera, "animaliak ez direlako bitartekoak, eta ez daudelako gure esku irabaziak izateko". 

 

72.000 bat sinadura

Guggenheim Bilbao Museoari zuzendutako eskaria plazaratu du Fermin Esparza izeneko lagunak Change.org atarian "animalien tratu txarra oinarri dute obrarik ez dezatela paratu" eskatuz. Esparzaren eskaera ia 72.000 pertsonak babestu dute zazpi egunetan. 

 

Obra polemikoak

Huang Yong Ping artistaren Theater of the World (1993) instalazioan narrasti, anbifio eta intsektu biziak ageri dira kaiola-formako pieza batean. Obra hau da erakusketari izena ematen diona (Munduaren antzerkia). Globalizazioaren aroaren metafora bat da, eta kosmologia txinatarrean eta Michel Foucaulten modernitatearen kritikan oinarritzen da, baita Ilustrazioaren garaiko mendebaldeko ideietan ere (alegia, panoptikoa kontrol-egitura gisa erabiltzeari buruzkoetan).

Xu Bing artistaren A Case Study of Transference (1994) ikus-entzunezko lanean, berriz, bi txerri txortan ageri dira, arra lantindar alfabetoko hizkiekin margotua eta emea txinatar piktograma itxurako karakterekin margotua. Txinako arteari kritika egin nahi izan dio artistak, Mendebaldeko eraginaren aurrean bere burua saltzeagatik. 

 

Erakusketa

Atzo inauguratu zen Artea eta Txina 1989 ondoren, munduaren antzerkia izeneko erakusketa. Txinan bertan nahiz munduko gainerako lekuetan lan egin duten 60 bat artista eta taldea guztiz garrantzitsuren obrak aurkezten ditu. Artista eta talde horiek, beren probokazioen bidez, ideologiaz libre dagoen errealitate bat osatu, gizabanakoa kolektibotasunetik kanpo sendotu eta Txinako esperientzia garaikidea ikuspegi unibertsal baten arabera definitu nahi dute. Gerra Hotzaren amaieraren eta 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoen arteko denbora-tartea du aztergai eta esperimentazio artistikoaren kultura aztertzen du globalizazioaren hasierak eta Txinak mundu osoan duen oparoaldi berriak ezaugarritzen duten garai batean.