Juan Mari Zulaika: "Ez da Bilboko azken ikur frankista"

uriola.eus 2018ko mai. 11a, 14:28

Agirletako gurutze frankista eraitsiko du Bilboko Udalak hilabete honetan. Hirian geratzen den azken ikur frankista dela diote zenbaitek. Ez da horrela Goldatu elkarteko Juan Mari Zulaikaren esanetan. 

Artxandako auzokide batzuk salbu, Bilbon inork gutxik ezagutzen zuen Agirletako gurutze frankista. Goldatu elkarteko eta Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformako Juan Mari Zulaikaren arabera, "Udalak ere ez", tontor baten gainean kokatuta egon arren eta ia 10 bat metroko altuera duen arren. Ez dago pasoko lekuan, eta "ezkutuan eta isilik" eman ditu ia 81 urte, 1937an Bilbo erori ostean, tropa nazionaleko errekete karlistek altxatu zutenetik.

Eta isilean eraitsiko du Bilboko Udalak, hilabete honetan, zehaztu gabeko egunean. Udaleko ordezkariek ez baitute nahi Larrabetzun gertatua errepikatzerik. Larrabetzun, Gaztelumendiko ikur frankista eraistean, bertaratutako emakume bat zauritu zen gurutzearen zatietako bat gainean jaustean. 

Agirletako monumentuak hiru zilindroko egitura du, eta gainean bi buruko arranoa eta gurutzea. Hiru data ere ageri dira gorputzean. 1833 –Lehen Karlistadako hasiera urtea–, 1873 –Bigarren Karlistadako hasiera urtea– eta 1937 –Bilboren erorketaren urtea, frankistentzat 'askapenaren urtea'–. 

Ez dago Artxandako La Huella monumentutik oso urruti. La Huella,hain zuzen ere, Bilboren defentsan eta askatasunaren alde hil ziren gizon eta emakumeak omentzeko paratu zuten 2006an oroimenaren berreskurapenean lanean ari ziren elkarteek. 

Duela urtebete jakin zuten Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformako kideek Agirletako gurutzearen berri. Orduantxe eskatu zioten Bilboko Udalari Memoriaren Legea ezartzeko eta gurutzea eraisteko. Ez ziren baikorrak plataformako kideak. Karlistaden aipamenengatik, Udalak monumentua bere horretan lagako zuen beldur ziren. "Frankismoko alkateen kuadroekin egin zuen bezala, baina, azkenik, gurutzea eraistea erabaki du, eta bejondeiola". 

Bilboko azken ikur frankistatzat jo dute Agirletako gurutzea Udaleko zenbait ordezkarik eta hedabidek. "Gezurra da hori", Juan Mari Zulaikaren hitzetan, Frankismoaren aztarnek irauten dutelako, besteak beste, dozena bat kaleren izenetan eta hainbat etxebizitza atarietako plaketan. 

 

[2017-05-26] Juan Mari Zulaika: Bilbo, oso nagi memoria kontua