uriola.eus

Supersur errepidearen luzapenaren aurkako martxa antolatu dute igandean

  Jendartea  Bilbo

Joan den astean iragarri zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak "Bizkaian XXI. mendean egingo den jarduketarik garrantzitsuena". Bi obra handi dira. Batetik, Ibaizabal aspitik pasako den tunela eta, bestetik, Supersur gisa ezagutzen den errepidearen luzapena. Azken lan honen aurka hainbat gizarte eragile agertu dira.  

Supersur errepidearen luzapenaren aurkako martxa antolatu dute igandean
Irudia: Bizkaia Goazen | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbo metropolialdeko trafikoaren dentsitate handiak sortzen dituen auto-ilaren arazoa konpontzeko plan integralaren barruan kokatzen dira bi proiektuak. Unai Rementeria ahaldun nagusiaren arabera, "soluzio orokor honek mugitzeko modu berriak sortuko ditu, eta errepide-sarea eraberrituko du". Batik bat, trafiko-arazo "larrienak" izaten diren hiru guneak askatzeko: Arrontegi (137.000 ibilgailu egunean), Max Center (127.000 ibilgailu) eta La Avanzada (114.000 ibilgailu). Tunela eraikitzen eta Supersur errepidea luzatzen 580 milioi euro inbertituko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. 

 

Luzapena

Aldundiak onartu du jada Supersur edo metropolialdeko hegoaldeko saihesbidea osatzeko (bigarren fasea) obraren lizitazioa. Horrela, eginda dagoen tarteak AP-68 autobidearekin bat egingo du Arrigorriagan, eta "hasieratik zeukan zentzu osoa bereganatuko du", Rementeriaren hitzetan. Saihesbidearen bigarren fasea 2023rako edo amaituko dela aurreikusi du Aldundiak. Osatuta dagoenean, azterlan teknikoen arabera, saihesbidetik 24.000 ibilgailu pasatuko dira egunean.

 

Gizarte, ekonomia eta ingurugiro arrazoiengatik aurka

Hainbat gizarte eragile eta talde ekologistek Ampliación Supersur Ez! plataforma aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiak Peñaskaleko bidesaritik Betelu bitarteko zatiraino Supersurra handitzeko duen proiektuaren aurka egiteko.

Plataformaren ordezkariek emandako datuen arabera, luzatuko den kilometro bakoitzeko 47 milioi euroko gastua aurreikusten da eta proiektuak, besteak beste, eragin kaltegarria izango luke Bolintxuren aranean, Pagasarriko babes berezia duen zonaldea. 

Proiektuaren aurka azaltzeko emandako arrazoien artean, "gizarte, ekonomia eta ingurugiro ikuspuntuetatik aztertuta, lanak justifikatzea ezinezkoa dela", argudiatu dute. Beraien esanetan "ez dago bide azpiegituren gabeziarik; baizik eta mugikortasunaren nahiz lurralde eta hirigintza planifikazioaren kudeaketa arazo larria".

 

Martxa igandean

Datorren maiatzaren 20an, igandean, ibilaldia antolatu dute Bolintxu eta inguruetatik Ampliación Supersur Ez! plataformako kideek. Ekintza honen helburua eraiki nahi den Supersurraren luzapenak zeharkatuko lituzkeen guneak bisitatzea eta "zentzurik gabeko obraren aurka" daudela adieraztea da. 

Martxa 9:00etan hasiko da Zabalburuko plazan. Gehienez, bi orduko iraupena izango du, eta bukaera Buiako auzoan izango da. Buiako jaiak direla eta, hainbat ekintza antolatu dituzte egunean zehar.

 

[2018-05-10] BFAren proposamena: tunel bat itsasadarraren azpian egin eta Supersurra amaitzea, Avanzada, Arrontegi eta A8ko ilarak kentzeko

[2018-04-19] Ampliación Supersur Ez! plataforma Diputazioaren proiektuaren aurka agertu da gizarte, ekonomia eta ingurugiro arrazoiengatik

2018/05/20 09:00

Zabalburu plazatik Bilbo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa