Hirugarrenez, Udaberriko Euskal Jaia San Frantziskon

uriola.eus 2018ko mai. 14a, 08:19

Diseinua: Mamen Moreu

Larunbat honetan, hilak 19, ospatuko dute hirugarren urtez Udaberriko Euskal Jaia San Frantzisko auzoan. 

Mamen Moreu irudigilearen marrazkia da San Frantzisko auzoko Udaberriko Euskal Jaiaren aurtengo kartelean ikus daitekeena. Neska bat ageri da bertan bozgoragailutik maiatzaren 19an, larunbat honetan, auzoan Udaberriko Euskal Jaia ospatuko dela esanez. Eta horrela da, bai. Auzoko 20 bat elkarte eta auzotarren parte-hartzeari esker, euskara eta euskal kultura lau haizetara zabalduko dute Mariaren Bihotza plazan egun osoan zehar. 

Horretarako hainbat jarduera antolatu dituzte adin guztietako auzotarrentzat. Besteak beste, nekazal produktuen azoka, umeentzako jolasak, g¡nkana, Mariaren Bihotza plazako aztarnategira bisita gidatua, Tor magoaren ikuskizuna, triki poteoa, herri kirolak, euskal dantzak, zozketak edota Txalainak taldearen kontzertua. Euskaraz egiteko eta euskaraz gozatzeko jarduerak guztiak.