Indartsu dago Euskal Herriko mugimendu feminista. Nazioarteko topaketa bat antolatzeko indartsu. Gainera, Emakumeon Mundu Martxak "izaera herritarra izan du herri honetan" Nahia Torrealdai eledunak azpimarratu duenez, eta "aliantzak sortzeko gaitasuna ere bai". Askotariko emakumeentzat "leku seguru bat sortzeko baldintzak" badirelako erabaki du mugimendu feministak urriaren 22tik 28ra Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketari Bilbon harrera egitea.
Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara! lelopean, aste osoan zehar, 40 herrialdetako 130 emakumek baino gehiagok parte hartuko dute topaketan. Batzuk tokian tokiko Emakumeon Mundu Martxako ordezkariak izango dira eta beste batzuk erakunde eta talde feministetako kideak.
Urriaren 22an, arratsaldez, emango diote hasiera topaketari. Ekitaldi irekia izango da, eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte "mugimendu feministako emakume oro, herri mugimenduko feministak eta, orokorrean, Euskal Herriko jendarte feminista".
Topaketak egitarau propioa izango du. Urriaren 23tik 26ra, 40 herrialdetako delegatuak eta erakunde aliatuetako kideak Bizkaia Aretoan bilduko dira. Alde batetik, testuinguru orokorraren eta honek emakumeengan duen eraginaren inguruan hausnartuko dute. Eta bestetik, V. Nazioarteko Ekintza antolatzeari ekingo diote, bi urte barru, 2020an mundu zabalean ibiliko den karabana feminista antolatzeari, alegia.
Feministon Herria
Urriaren 27an, Euskal Herriak "egun propioa" izango du topaketan. Areatzan zabalduko duten Feministon Herria izeneko espazio irekian. "Alternatiba eta erresistentzia feministak" erakusteko lekua izango da. Torrealdairen hitzetan, "Euskal Herriko eragile eta talde feministak euren herri eta hirietan etengabe sortzen ari diren alternatibak" erakusteko.
Lau ekintza eremutan sailkatuko dituzte jarduerak: sistema arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitateak eta sarean lan egitea eta aniztasunaren kudekatea.
Sentsibilitate eta gorputz anitzak ikustaraziko dituzte Feministon Herrian: lesbianak, migranteak, aniztasun funtzionala dutenak, baserritarrak, gazteak edota ertzetan daudenak. Aldi berean, Areatzako gunea beste herrialdeetatik etorritako ordezkariak eta Euskal Herriko mugimendu feministako kideak elkartzeko leku bat izatea nahi dute, "asko baitugu elkartrukatzeko".
Kolektiboa, denona
Mugimendu feministaren proiektuak ez dira urriko topaketara mugatzen. Erailketa sexisten kontrako protokoloa indartzeko eztabaida prozesuari jarraipena ematea, kolektibo anitzengana heltzeko protokoloaren askotariko euskarriak sortzea, eta gorputzen eta lurraldeen burujabetzaren inguruko formazio saioak egitea, besteak beste, ditu agendan. "Topaketarako motorrak berotzeko", Iruñean, irailaren 28 eta 29an, formazio jardunaldi irekia antolatu du.
Herri feminista bat eraikitzeko prozesua "kolektiboa" dela nabarmentzen dute gaur Areatzan bildutako mugimendu feministako kideek, "denona" dela. Emakume askok zabaldutako bidean, urrutira heltzeko asmoa daukate: "Gure lurraldeen eta gorputzen burujabetzara". Eta bide horretan nazioarteko topaketa eta Feministon Herria "urrats bat gehiago" izango dira, "atzera bueltarik gabeko urrats bat".
emakumemartxa@gmail.com