Arteen Asteak Bilboko kaleak hartuko ditu bihartik aurrera

uriola.eus 2018ko mai. 17a, 10:34

Artea maiatzaren 18tik 27ra hiribilduan protagonista bihurtuko da. Artistek espazio publikoetan esku hartuko dute eta seigarren edizio honetako nortasun zeinu bilakatuko dira. Ehun jarduera inguru antolatuko dituezte hiri guztian zehar.

Bilbo artea protagonista izango den hamar egun bizitzeko prestatzen ari da. Bilbao Art Districten Arteen Astea, bihartik aurrera eta 27ra arte, eta sormenari nahiz artea erakusteari lotuta, kaleak nahiz hiriko espazio desberdinak arte proposamenez beteko ditu. Helburua da hiribildua herritarrak, artistak, arte galeriak, kultur eragileak, ekoizpen zentroak, museoak, unibertsitatea, sektorearen profesionalak eta modu batean ala bestean artearen munduarekin zerikusia duen pertsona eta erakunde oro elkarrekintzan aritzeko ingurune bihurtzea.

Arteen Astearen seigarren edizioa orain arte egindakoekin alderatuz, luzeena izango da, hamar egunez zabalduko baita. Ildo horri eutsiz, artistek espazio publikoetan jardungo dute esku hartzen eta nortasun zeinu nagusi bilakatu da. Programazioan ehun jarduera inguru daude, eta horiek garatzeko, besteak beste, honako hauek egingo dira: erakusketak, topaketak eta elkarrizketak artistekin, ikusle guztientzako moduko tailerrak, denbora errealeko lan artistikoak kalean bertan, performance-ak eta bisita gidatuak arte galerietatik. Berrikuntza moduan, gainera, aurten itsasadarretik ere egingo da bisita, itsasontzian.

Bilbao Art Districtek urte osoan zehar artearen sektorea mugiarazten du, baita arte sormena, erakusketa eta merkatua sustatu ere. Horri lotuta, Nekane Alonsok honako hau azpimarratu du: “Jarraipena duen lanaz ari gara eta hurrengo egunetan herritar guztiei nahiz kultura eta sormen eragile nahiz profesionalei irekiko zaie. Sektorea elkartzeko unea da eta, gainera, biztanleak artearen ekoizpen, erakusketa eta salmenta guneetara hurbilduko dira.”

Artistak

Bilbao Art Districtek artistak hautatzeko orduan, sormen une garrantzitsuan daudenak bultzatzen ditu. Edizio honetan hurrengoak azpimarra daitezke: Santiago Morilla, Christian Flores, Miriam Isasi eta Histeria Kolektiboa.

Santiago Morilla artista plastiko eta diseinatzaileak “Inpaktuaren Sekuentzia” instalazioa burutuko du. Hala, Arriaga plazarako berotegia proposatzen du. Landareek sentsoreak izango dituzte eta eskuekin harremanetan jartzen direnean soinu zehatzak entzun ahal izango dira. Modu horretan, bisitatzen duen pertsona bakoitzak lanarekin elkarrekintzan jardungo du eta soinu esperientzia desberdina eratu ere bai. Gaur goizean Madrilgo artisten talde bat muntaketa hasten zegoen, Arriaga antzokian “Arteen Astea” aurkezten ari zen bitartean.

Christian Flores editore, musikari eta youtuberrak, “Velaske yo soi wapa” bideoaren egileak, Youtuben zazpi milioi bisita baino gehiago ditu eta hitzaldi bat emango du 23an (asteazkena) Arte Ederretako Fakultatearen Graduen Aretoan. 25ean (ostirala) Nave 9 izenekoan, Itsas Museoaren zabaldegian, “Art District Topaketan” parte hartuko du bere bideoekin eta musikarekin.

Bestalde, Miriam Isasi Gasteizko artistak “La Internacional” himnoaren berrikuspena aurkeztuko du eta klakeko dantzariek interpretatuko dute. Horien oinetakoek gerra zibileko metrailarekin landutako zolak dituzte. Proposamena Azkuna Zentroan eta Areatzako oholtzetan ikusi ahal izango da 19an eta 26an (biak larunbatak), hurrenez hurren.

Histeria Kolektiboa Bilbon egoitza duen arte eta kultura elkartea da eta 27an (igandea) performance-ibilbidean parte hartuko du, San Frantzisko auzoko emakumeen hiru istorio erakusteko.

Bisita gidatuak

Bilbao Art District proiektuaren xedea herritarrak artearen munduan murgiltzea da eta helburu horrekin bisita gidatuak eta tailerrak programatu ditu. Itsasontzian egingo diren ibilbideez gain, modu gidatuan La Taller, SC Gallery eta Ederdi galerietako erakusketak eta Casilda parkeko eskultura publikoa bisitatuko dira. Era berean, arte ibilbidea egituratuko da haurrak dituzten familientzat eta Arriaga antzokiaren aurrean hasiko da.

3 eta 11 urte bitarteko umeak ere izango dira protagonista, Rekalde aretoak hilaren 26rako (larunbata) antolatu duen ‘Taller 7m2’izeneko tailerrean. Jendeak, orokorrean, konposizio artistikoari hurbiltzeko aukera du “Natura hilaren alabak” izeneko laborategi praktikoarekin. Ronda kaleko Hemen estudioan egingo da.

Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz programatuak daude eta doakoak izan arren, parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, bai proiektuaren web orrian, bai 944205330 telefono-zenbakira deituta.