Iruñean egingo den 'Alternatiben herria' ekimena Bilbon aurkeztu dute

uriola.eus 2018ko mai. 18a, 11:44

Boluntako Areto Nagusian aurkeztu dute ekainaren 2an egingo den Alternatiben herria ekimena. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak antolatuta eta “Bizitza burujabea eskubidez osoz. Deskonekta dezagun kapitalismotik” lemarekin Iruñea alternatiben herria bilakatuko dute.

"Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da" irudikatzeko asmoz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Asanbladako kideek datorren 2018eko ekainaren 2an Alternatiben Herria ekimena antolatuko dute Iruñean. Aldarrikapen eta ospakizun eguna izango dela adierazi dute, egunerokoan bizitza ematen dituen hamaika proposamen handi eta txikien erakusleihoa, Kartaren ardatz nagusiak jarraituz.

Ekimen honekin jarraipena emanen diote Bizi mugimenduak, 2015eko abenduan Parisen klima aldaketari buruzko Goi Bilera dela eta, Alternatiben Herriak antolatzeko egindako deialdiari, 'Sistema aldatu, ez klima' lelopean.

Izan ere, aurkezpenean azaldu dutenez "badira gure artean alternatibak egungo eredu soziala gainditzen joateko. Hauetako asko gure esku daude; beste hainbeste, jorratzeko zain. Hauek guztiek aukera ematen digute Euskal Herri justu, solidario eta desiragarriagoa egiteko." Horretarako, egun horrean hau proposatu nahi dute:

  • Euskal Herrian zehar, nork bere herrian, auzoan, taldean… aurrera eramaten ari diren alternatibak eta proiektuak erakutsi. Eta erakustearekin batera, informazioa partekatu, elkar ezagutu, denon artean gogoeta egin eta eztabaidatu.
  • Botereek behin eta berriz sinestarazi nahi dute bide bakarra dagoela, ez dagoela beste alternatibarik. Horren kontra matxinatu nahi dute. Bestelako bide batzuk jorratzeko ideiak, proiektuak, intuizioak, gogoak… badaudela erakutsi nahi dute.

Hori dela eta, ekainaren 2an, Iruñean, Alternatiben Herria egingo dute. Egunean zehar, Iruñeko erdigunea, herri txiki bat bihurtuta, hausnarketaz, alternatiba praktikoz eta baikortasunez beteko dute. Mobilizazio eraikitzailea, denontzako tokia eginez. Gune bakoitzean, arlo bakoitzean martxan dauden alternatibak ezagutaraziko dituzte, jarduera ezberdinen bitartez: hitzaldiak, mahai inguruak, azoka, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak… 

Orain arte eragile anitzekin eginiko batzar irekietan, honako guneak eta gune bakoitzeko eduki nagusiak proposatu dituzte:

  • Herriak eta lurra: energia subiranotasuna, klima aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa…
  • AuzoEKOnomia: finantzak, txanpona, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa, enplegua…
  • Burujabetza:  Demokrazia, subiranotasuna eta parte hartzea: eredu ekonomiko, soziala, kulturala eta politikoa erabakitzeko eskubidea, parte hartze soziopolitikoa,   prozesuak, herrien arteko elkartasuna…
  • Bizi anitzak eta duinak: jatorria, identitatea, sexu, funtzionalitataren inguruko aniztasunaren kudeaketa, gorputz aniztasuna …
  • Arragoa: Ondare komuna. Euskal hizkuntza, hezkuntza, kultura…

Egunak festa kutsua izan dezan kale animazioa, jan-edanerako gunea eta musika egongo dira.