Aste nagusiko kartel lehiaketan parte-hartzeko epea ireki dute

uriola.eus 2018ko mai. 21a, 17:30

Udalak herritarren parte-hartzea sustatu nahi du 2018ko Aste Nagusiko kartelaren aukeraketan, beraz, publikoak aurrez aurre eta on line bozkatzeko aukera izango du

Bilbo 2018ko Aste Nagusia prestatzen hasi da. Izan ere, aurten, abuztuaren 18 eta 26 bitartean ospatuko den Aste Nagusiak 40 urte betetzen ditu. Honen baitan, Udalak jaien berri ematen duen kartela burutzeko lehiaketan parte-hartzeko epea ireki du. Deialdia ekainaren 22ko 13:00etara arte irekita egongo da. Lanak Udaleko Jaietako Sailaren bulegoetan aurkeztu beharko dira, Aznar eraikineko 5. solairuan.

Lehiaketan parte hartzeko behar besteko informazioa udal webgunean (www.bilbao.eus) eskuragarri dago. Aurkeztu beharreko lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izango dira. Gainera, kartelean agertu beharreko testua ondorengo izango da: Bilbao 2018. Aste Nagusia, Abuztuak 18-26 Agosto. Gaia, berriz, librea izango da.

BALIOAK DITUEN KARTELA

Berrikuntza gisa, Bilboko Udalak lehiaketaren oinarriak berritu ditu “tradiziozko rolak edo estereotipoak orekaz irudikatzeko eta sexua, adina, kultura edo sexu-aukerari atxikitako edozein tratamendu gutxiesgarri saihesteko” asmoz. Udalak gogoratu denez, “Aste Nagusiko kartelak hirian duen presentzia handia eta nazioartean lortuz doan oihartzun gero eta zabalagoaren harira, ezinbestekoa da hiriaren balioak eta Aste Nagusiarenak kartelaren irudian agertzea”.

KARTEL IRABAZLEA AUKERATZEKO BOZKETA

Jaietako irudi nagusia aukeratzeko Bilboko Jaietako Batzordeak eta bilbotar guztiek parte har dezaten, lehiaketak sistema mistoa izango du kartel irabazlea erabakitzeko. Kartela erabakitzeko hiru bide egongo dira:

  • Bozketa presentziala (% 33)
  • Udalaren webgunearen eta hedabide laguntzaileenen bidez egindako herritarren bozketa (% 33).
  • Epaimahaia diseinuaren arloko 5 pertsonak, Bilboko Konpartsen ordezkari batek eta Udalbatzarreko 3 kidek osatuko dute. (% 33)

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta bere kartela 2018ko Aste Nagusiaren irudi bilakatuko da.