Bilbao Art Districten Arteen Astea gaurtik aurrera

uriola.eus 2018ko mai. 24a, 10:57

Hauexek dira hurrengo egunetarako proposatzen dizkizuegun plan batzuk: topaketak artistekin, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, bisita gidatuak eta ospakizun handi bat.

Gaur, osteguna, ‘Ertibil Bizkaia 2018’ ikusizko arteen erakusketa ibiltaria bisitatzeko aukera izango dugu. Azalpenak izango ditugu bertan, 18:00etatik aurrera. Ikusgai egongo dira aurtengo edizioan parte hartu duten 124 artelanetatik hautatu diren 18 lanak. 19:00etan, Aldama Fabre Gallery delakoan, Esther Gatón artistarekin eta haren erakusketako komisarioa den Mikel Escobalesekin biltzeko aukera izango dugu. Arratsaldean, 16:20etik aurrera, Eduard Miralles Interarts fundazioko presidenteak hitzaldi bat emango du Papelera eraikinean.

Ostirala

Ostiralean, hilak 25, Bilbao Art District topaketa egingo da, hiriko ehun artistikoari lotutako pertsonentzat eta herritarrentzat antolatuko den ekitaldi oso berezi bat. Elkar ezagutzeko, harremanetan jartzeko, loturak sortzeko eta ideiak partekatzeko topaketa informal bat izango da. Itsas Museoko zabaldegian egingo da, eta Christian Flores izango da bertan, bere ikus-entzunezko proposamen pertsonala zuzenean eskaintzeko. Horrez gain, Sara Cuerdo artistaren esku-hartzea ikusi ahal izango dugu, zorutik ateratzen diren garroen eskulturekin itsasadarrari bizia emateko. Ekitaldian, Karla Tobarrek, bere esku-hartzearen eskaneatze-sistemarekin Bilbo eskaneatu ostean, emaitza aurkeztuko digu.

Argazkigintzako zaleek hitzordu bat dute Clemente Bernad-ekin; izan ere, Donde habita el recuerdo lana eta liburua aurkeztuko ditu, Gerra Zibileko hobietatik gorpuak ateratzeari buruzkoa. 19:30ean izango da, Zabalguneko eraikinean. Beste alde batetik, Hemen sortzaileen taldeak zeramikarekin, argazkigintzarekin eta aurkitutako objektuekin loturak sortzeko tailer bat antolatuko du Erronda kaleko 12. zenbakian duen egoitzan, 18:00etan.

Ostiralerako planei dagokienez, bisita gidatu interesgarriak izango ditugu, beste proposamen batzuen artean. Ismael Manterolaartearen historiako irakasleak ibilbide gidatu bat egingo du Casilda Iturrizar parkeko eskultura publikoetatik, non Eduardo Chillida, Quintin de Torre edo Francisco Durrio artisten lanak ikusiko diren. Bestalde, Txema Agiriano kultura-kudeatzaile eta komisarioak San Frantzisko auzotik ibiltzera gonbidatu nahi ditu ikusleak, bertako historia artistikoa ezagut dezaten. Arte-galeria bat eta artista baten estudioa bisitatuko ditugu. Gainera, ikuskizun bat eskainiko da.

Larunbata

Larunbata egun aproposa izango da kaleko arteaz gozatzeko. Hiri osoan zehar egongo diren esku-hartze artistikoetara hurbiltzeaz gain, artisten lana zuzenean ikusi ahal izango dugu ‘Museotik-Museora’ jarduerari esker. Euskal Akuarelarien Elkarteak margolarien kate bat antolatuko du 10:00etatik 14:00etara Guggenheim Bilbao Museoa eta Arte Ederren Museoa lotzeko.

Miriam Isasi artistaren ‘Tap (L’Internationale)’ proposamena ikusi ahal izango dugu 13:00etan, Areatzako aterpeetanInternazionala himnoa berriz aztertu du, eta klake dantzari batzuek interpretatu dute. Dantzarien zapatetako zoletan Euskadin aurkitutako Gerra Zibileko metraila hondakinak daude.

Haurrak izango dira Ane Rodríguez artistak egingo duen bisita gidatuaren protagonistakArteen Astearen esku-hartze artistiko batzuk erakutsi, eta artelanetara hurbiltzen eta baloratzen irakatsiko die 12:30etik aurrera. Bisita Ederti galerian hasiko da. Haurrentzako beste jarduera Sala Rekalden egingo da, 10:30etik aurrera, eta aldi baterako erakusketei buruzko tailerrak izango dira.

Larunbatean, parte hartzeko tailer bat programatu dute, eta bilbotarrek hirian horma-irudi bat sortzeko ideien lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Amiarte elkarteak antolatuko du, eta 10:00etatik aurrera egongo da irekita Yimby delakoan (Ercilla 24).

Amaitzeko

Bilbao Art Districten Arteen Astearen seigarren edizioari amaiera emateko, ‘Vecinas – Se hace camino al andar’. jarduera antolatuko da igandean, hilaren 27an. Histeria Kolektiboa eta Pikara Magazine artisten taldeak San Frantzisko auzoko hiru emakumeren bizitzekin zerikusia duten hainbat espazio ikustera gonbidatuko gaitu. ‘Las Bastardas’ performance-taldeak ibilbide bat egingo du auzoko kaleetatik, eta bost geldialdi egingo dituzte. Horietan bizitzarekin zerikusia duten istorioei lotutako ekintzak gauzatuko dituzte, auzoko historia hobeto ulertzen laguntzeko. 12:00etan irtengo dira Mariaren Bihotza plazako 4. zenbakitik.

Arteen astea

Bilbao Art Districten Arteen Astearen helburua da hiribildua herritarrak, artistak, arte-galeriak, kultura-eragileak, ekoizpen zentroak, museoak, unibertsitatea, sektorearen profesionalak eta modu batean ala bestean artearen munduarekin zerikusia duen pertsona eta erakunde oro elkarrekintzan aritzeko ingurune bihurtzea. Seigarren edizioa da aurtengoa, eta luzeena izango da, hamar egunez gozatu ahal izango dugu eta.

Bilbao Art District izeneko proiektu hau Bilboko Udalak sustatzen du honako hauen laguntzarekin: Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Azkuna Zentroa, arte-galeriak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatea, BilbaoArte Fundazioa eta kulturaren beste eragile batzuek. Proiektua urte osoan zehar dago martxan, eta hiriko sektore artistiko osoa bildu eta dinamizatu nahi du. Udaberrian Arteen Astea ospatzen da, herritarrei sektorearen lan guztia helarazi, eta haiekin ikusle profesionalei zein beste ikusle guztiei zuzendutako ekintzak partekatzeko.