Feministek gerrari planto egingo diote

uriola.eus 2018ko mai. 24a, 13:00

Gaur, Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko eguna gogoratuko da Bilbon. Hori dela eta hainbat deialdi egin dira Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean.

1982. urtean, NATO-ren kontra emakumeek burututako borroken oroimenean, Bakea eta Armagabetzearen aldeko Emakumeon Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zen, bereziki, Greenham Common-en egindako protesta eta ekintzetan parte hartutako emakumeen memorian.

Euskal Herrian, berriz, mugimendu feministak lehenengo urratsak eman zituen duela hainbat urte, NATO-ri uko egin zionean. Aipatutako protestak historiaren momentu desberdinetan mantendu dira. Argi utzi dutenez, antimilitarismoan, internazionalismoan eta elkartasunean oinarritutako ikuspegi batetik.

Joan den abenduaren 16an, Bilboko portutik arma bidalketen arduradunak salatu zituzten. Eremu desberdinetatik egindako presioaren ondorioz, aipatutako jarduera Santanderreko portura eraman zuten, arma-bidalketa Euskal Herritik kanpora ateratzea lortu zutelarik.

Hala ere, azaldu dutenez, EAEn arma-ekoizpenak jarraitzen du eta arazoa ez da desagertu. Beraz, esandakoa aintzat hartuta, data honen inguruan ekintza desberdinak antolatu dituzte. Hau da prestatu duten egitaraua:

Gaur, arratsaldeko 19:00etan Bilboko plaza biribilean elkarretaratzea egingo dute. Horrez gain, ekintza koloretsu eta ikusgarri bat egingo dutela azaldu dute. Manifestazio handia, berriz, maiatzaren 26an egingo dute. Larunbatean, 12:00etan, Areetako zubiko enparantzatik hasiko dena. Ekimen nagusi hauez gain, hainbat hitzaldi zein bideo-emanaldi ere burutuko dituzte, leku desberdinetan.

Salaketa

Kaleratu duten komunikatuan honako hau adierazi dute:

Gure lurraldeetan armagintzak duen presentzia, SENER, ITP eta SAPA moduko enpresekin adibidez. Zuzenean nahiz teknologiarekin armen fabrikazioan parte hartzen dute milaka pertsonen heriotza eraginez. Gerra hemen hastenda!

Emakumeon ikusezintasuna eta gatazka egoeretan etengabean atxikitzen zaigun biktima papera. Instituzioen, gobernuen eta Bankaren papera gatazkak eta militarizazioa mantenduz. Bai lurralde propio eta baita beste lurralde batzuetako gatazkei etekin ekonomikoa ateratzeko Gobernuen politiken manipulazioa ere (baliabide naturalen kontrola, besteak beste, petroleoa, ura,mineralak)

Transnazional edo nazioarteko enpresen papera, herri osoen suntsiketa, biztanle zibilen sarraskia eta hauen defendatzaileak kriminalizatzen dituena.