Euskarazko irakurketa errazteko 'Kapitain Ausartak' Liburua

uriola.eus 2018ko mai. 29a, 09:53

Ulermen arazoak dauzkaten pertsonei literaturako izenburuak ematea da helburua, aldi berean euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatuz.

Azkuna Zentroa, Bilboko Udalaren aisialdi, arte eta gaur egungo kultur zentroak, Euskadiko Irakurketa Erraza elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Rudyard Kiplingen Kapitain ausartak liburua euskaraz eta irakurketa errazean argitaratuko dute. Hiru erakundeek ezaugarri horiekin argitaratuko dituzten hiru izenburuetatik lehena izango da. Helburu bi dituzte: alde batetik, behar dituztenen eskura jartzea irakurketa errazeko liburuak eta, bestetik, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzea.

Liburu hori gaur aurkeztu da Azkuna Zentroak eta bertan izan dira Alasne Martín, Azkune Zentroko Mediatekako arduraduna, Blanca Mata, Euskadiko Irakurketa Erraza elkartearen sustatzailea eta Gotzone Zaldunbide, Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotzia. Udalak irakurketa errazaren inguruan daukan estrategia zein den azaldu du Zaldunbide andreak eta azpimarratu du Bilboko Udala ahalegin handia egiten ari dela pertsona guztiek izan dezaten eskuragarri informazioa eta literatura, oztopo kognitiboak alde batera utzita.

Hiru liburu horiek argitaratzeko, Azkuna Zentroak eta Irakurketa Errazeko elkarteak otsailaren 24an eta 25ean antolatutako bigarren eskuko azokan bildutako dirua erabiliko da. Azoka horretan, zentroko mediatekatik baztertutako liburuak eta ikus-entzunezko materiala saldu zen eta 5.000 eurotik gora bildu ziren.

Bilboko Udalaren lan-ildoaren barruan, Azkuna Zentroak urteak daramatza Irakurketa Errazaren proiektuarekin elkarlanean, mota horretako liburuak euskaraz kontsumitzea eta zabaltzea sustatzeko. Helburu nagusia kultura eta informazioa pertsona guztien eskura jartzea da, aukera gehiago eskaintzen dituen gizarte bat sortzeko eta euskararen normalizazioa lortzeko.