'Emakumea eta Euskal Pilota' erakusketa ikusgai Euskararen Etxean

uriola.eus 2018ko eka. 1a, 09:31

Azkuen Fundazioak Emakumea eta Euskal Pilota erakusketa antolatu du ekainaren 1etik, irailaren 15a bitartean, Euskararen Etxean.

Antzinatik jokatu da pilotan, hainbat jokamoldetan, munduan barrena, eta jokoak Euskal Herrian lortu du osperik handiena. Sortu zenetik, gizonarekin lotuta egon da, baina emakumeek ere pilota jokoan aspaldidanik hartu dute parte, hain zuzen ere, erraketa jokoan, lorpen handienak. Erraketista hauek izan ziren emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak. 

Erakusketa bost ataletan banatuta dago. Atal bakoitzean tresna eta testigantza ezberdinen bidez, ahaztutako erraketisten presentzia gogora ekarri nahi da XX. mendeko Mundu mailako kantxetan. 

SAKEA
Erraketa jokoak hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan. Hasiera batean berrikuntza nabarmenak sartu ziren erraketa jokoaren jokalekuetan eta erremintetan. Tenis-piloten ordez larruzkoak erabiltzen hasi ziren, esku pilotako ohiko pilotak baino txikiagoak zirenak, hots, 50 eta 70 gramo artekoak. Aldaketa hura zela eta, tenis-erraketa baino erraketa sendoagoak eta luzeagoak erabili behar izan ziren eta eraztuna estutu egin zen. Denboraren poderioz jokalarien janzkeran gertatu ziren aldaketa nagusienak, batez ere gonen luzeran. 20. eta 30. hamarkadetan bernetaraino iristen ziren, baina 40. hamarkadan, Moscardó jeneralak orkatilaraino luzatzeko agindu zuen, eta luzera hark kirola egitea zailago bilakatu zuen. 50. hamarkadan belaunetaraino iristen ziren eta, harrezkeroztik, gutxika-gutxika moztuz joan ziren, jokoa arinagoa eta dinamikoagoa izan zedin. Erakusketa honetarako Mercedes de Miguel diseinatzailearen partaidetza izan dugu, zapi iruditan erraketisten janzkeraren bilakaera kronologikoa bere erara aurkeztu duelarik. 

TANTEOA
Pilotalekuetako kudeatzaileek pilotari-talde bikainak biltzeak arrakasta itzela eman zion erraketa jokoari. Emakume gazte gehienak euskal pilotan tradiziorik handiena zuten herrietan biltzen ziren; hala ere, euskal pilotalekuetan jokamolde hura ez zen asko jokatzen. Jokalari asko nabarmendu ziren eta asko gogora ekarri behar ditugu: Eugenia Iriondo “Eibarresa” edo “La Bolche”; María Antonia Uzcundu “Txikita de Anoeta”; Agustina Otaola; Eladia Altuna “Irura”; Mª Luisa Alberdi; María Carmen Lasagabaster “Amaia”; Gloria Agirre “Txikita de Aizarna”; Lucia Areitoaurtenea; Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros); Conchita Bustindui, Olga Cazalis; María Luisa Senar; Rosa Soroa; Miren Uzkundum “Asteasu”; Justina Arenaza “Vasquita I” eta bere ahizpa Maria “Vasquita II”. Euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko. 

KANTXA
XX. mendeko lehen urteetan zabaldu ziren pilotaleku gehienak erraketa jokoan jokatzeko diseinatu edo moldatu ziren: kantxaren luzera hogeita hamar metro ingurukoa zen, jokoa azkarragoa eta ikusgarriagoa izan zedin. Erraketistentzako lehen pilotalekua Madrilen zabaldu zen, 1917an, Cedaceros kalean, hain zuzen. Madrilen egon ziren erraketazale gehien eta bertan zabaldu ziren pilotaleku gehien; ondoren, Bartzelonan. Euskal Herrian Bilboko Euzkel-Jai eta Donostiako Gros pilotalekuetan bakarrik jokatu zen erraketa jokoan. Ameriketan jokoak izugarrizko arrakasta izan zuen eta pilotaleku askotan, hala nola, Kubako La Habana-Madrid edo Mexikoko Metropolitano pilotalekuetan jarraitzaile sutsu ugari izan zituen. 

KONTRAKANTXA
Erraketa jokoak, beste kirol batzuek bezala, kultura nabarmena sortu zuen inguruan. Garaiko egunkariek emakume erraketisten entzutea eta abilezia isladatu zuten, baita El Pelotari aldizkariak ere. Literaturak, zinemak edo telebistak ere jaso zuten erraketista haienganako eta haien munduarenganako interesa, esaterako, Luis Antonio de Vega Rubioren “Chiquita de Bilbao” eleberriak, Julio Salvadorek 1950ean zuzendu zuen zinema beltzeko “Apartado de correos 1001” filmak edo Carmen Sarmiento kazetariak 1978an egin zuen “El ocaso de las raquetistas” dokumentalak. Baita artista plastikoek ere, esaterako, David Álvarez Flores irudigile tolosarra (1900-1940) arduratu zen erraketistek jokatzen zituzten kiniela-txartelen diseinuaz. 

HEMEN ETA ORAIN
1980ko uztailaren 17an jokatu zen azken erraketa-partida Madrid pilotalekuan. Harrezkeroztik, urteak joan ahala, pilota-jokamolde hura eta haren protagonistak, erraketistak, pixkanaka desagertuz joan ziren, ahaztu ziren arte. Hala ere, emakumeak pilotan (zesta-puntan, frontenisen…) jokatzen jarraitu du, emakumejokalarien ehunekoa gizonena baino askoz txikiagoa bada ere. Duela urte batzuez geroztik, Espainiako Pilota Federazioa (FEP) eta gainerako autonomia-federazioak burubelarri ari dira emakumearen eta pilotaren arteko oztopoak desagerrarazteko. 2004-05 denboraldian, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak “Emakumea Pilotari” egitasmoari ekin zion.

Emakume erraketistek eta haien familiek dohaintzan emandako elementu batzuek osatzen dute erakusketa: prentsa bat pilotetarako; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak...

Ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantaila baten bidez aukera egongo da emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den ia dokumentazio guztia ikusteko. Erakusketa hau lan interesgarri bat da jakiteko emakumeek mundu mailan zer eginkizun bete duten euskal pilotan. 

Erakusketa honetan erabilitako material guztiek funts dokumental eta museografiko bat en partea da, Gernikako Euskal Herria Museoan gordeta dago eta ikertzaileen eskura egongo dena etorkizuneko azterlanetarako.