Israeleko Estatuari Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpaina (BDZ) osatzen duten Bilbo mailako erakunde eta kolektiboek prentsaurrekoa egin dute asteazkenean, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Palestinarekin elkartasuna adierazi, eta Euskal Herriko instituzioetatik Israelekin egiten diren kolaborazioak salatu dituzte.
Potentzia handien konplizitatea eta nazioartean eskaintzen zaion inpunitatea barik, Israeleko Estatuak kolonizazioa eta palestinarren etengabeko giza eskubideen urraketa ezingo lituzkela mantendu azpimarratu dute. “Euskal instituzioak ez dira salbuespen bat” nabarmendu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak SOSA enpresa israeldarrarekin sinatutako hitzarmena erdigunera ekarriz.
Salaketok kalera atera eta Palestinarekin elkartasuna adierazteko, bi mobilizazio deitu dituzte: Manifestazioa ostegunean, maiatzak 31, Arriaga plazatik 19:00etan aterako dena; eta elkarretaratzea ostiralean, ekainak 1, 11:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Elkarretaratzean, Unai Rementeria Maiz Bizkaiko Diputatu Nagusiari eskutitz bat emateko asmoa daukatela adierazi dute.