Zin-bidea Bizkaiko Foru Aldundiaren ibilbide historikoen barruan sartu da

uriola.eus 2018ko eka. 1a, 09:02

Aurten, hiru ibilbide historikok osatuko dute foru-erakundeak sustatu duen programa: ekainean egingo den Malmasingo ibilbidea, uztail eta abuztuko Urdaibaiko ibilbidea, eta, amaitzeko, Zin-bidea, irailaren 21etik 23ra antolatuko dena.

Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ibilbide historikoak" programa lurraldean zehar zabalduko da. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak ekimenaren berritasunak azaldu ditu, eta diputatuaren arabera hauxe da xedea: "Bizkaiko ondare historikoa herritar guztiei helaraztea, eta guzti-guztiok baloratzea gure lurraldeko altxor paregabea zaintzearen eta aintzat hartzearen garrantzia".  Bilbaok hauxe gehitu du: "Kultura zabaltzeko proiektu bat da, ezagutza eta ikertzeko beharra sortzen duten leku historikoak ikusgai jartzen dituen ekimen bat".

"Ibilbide historikoak" programa ekainean, uztailean, abuztuan eta irailaren 21etik 23ra antolatuko da. Bisiten programa Malmasingo ibilbide historikoarekin hasiko da, ekainaren 2an, eta hilabeteko asteburu guztietan egingo da Basaurin eta Arrigorriagan. Ibilbide horretan Finagako San Martin, Malmasingo gotorlekua nahiz Abrisketako San Pedro bisitatuko dira.

Bestalde, Urdaibaiko ibilbide historikoa deritzona uztailean eta abuztuan gauzatuko da, eta gai horretan adituak direnek toki guztietako xehetasunak eta burututako ikerlanen emaitzak emango dituzte. Aipatutako eremuan leku hauek bisitatuko dira: Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropolia, Katilotxuko estazio megalitikoa, Arrola-Arrolaguneko Oppiduma eta Ereñozarreko gaztelua.

Amaitzeko, aurtengo berritasuna Bizkaiko Zin-bidea izango da, eta irailaren 21tik 23ra bitarteko asteburuan egin ahal izango da.

Aldundiak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko ditu bisitak, eta ibilbide horretan parte hartuko duten pertsonen kopurua murriztua izango da. Kalitatezko zerbitzu jasangarria eskaini ahal izateko, bertaratu nahi dutenek aurretik erreserba egin beharko dute, telefonoz (688 856 689) nahiz helbide elektroniko honetara idatziz: ibilbideak@bizkaia.eus.

BIZKAIKO ZIN-BIDEA

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko irailean jarriko du martxan Bizkaiko Zin-bidea, bisita gidatuaren formatuarekin. Bertan, Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea ibiliko da; izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigune eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira.

Bizkaiko Zin-bidearen bisita gidatuak bi helburu izango ditu: gure historiaren berri ematea, eta zehatzagoa den beste bat, hau da, Bizkaiko foruen muinean sartzea aplikatzeko mekanismo batzuk ulertu ahal izateko. Bisita gidatua hiru etapatan egingo da, hiru zatitan:

- Bilbo / San Emeterio eta San Zeledonio eliza (Larrabetzu).

- San Emeterio eta San Zeledonio eliza (Larrabetzu) / Gernika - Lumo.

- Gernika - Lumo / Bermeo.

Etapa guztietan (Bilbokoan izan ezik, lehenengoa) autobus batek taldeko kideak eramango ditu irteerara, eta, gero, etaparen amaieratik hitzorduaren hasierako puntura eramango ditu. Berriz ere Bilbora.

Etapak egiteko 6 ordu behar izango direla aurreikusi da (4 ibilbidea egiteko eta 2 zin-egiteekin zerikusia duten elizen eta monumentuen azalpenak entzuteko). Gehienez ere, 30 pertsona egongo dira talde bakoitzean.

Zin-bidea hiru etapatan 

1. etapa. Bilbo-Larrabetzu

Irteera Bilbotik izango da, aspaldi hiribilduaren harresi zaharraren Zamudioko ataria zegoen lekutik. Bertako museoak ezagutzeko aukera egongo da: Euskal Museoa eta Arkeologi Museoa.

Lezaman, izen bereko dorreak bandoen iragana uzten du ikusgai. Andre Maria elizak (XIV. Mendea) fatxada errenazentista ederra du.

Larrabetzuko hiribildua: Herrigune historiko kultura-ondasuntzat jo zuten 1994. urtean, eta monumentu-multzo kategoria eman zioten. Udalerri honetan dago, halaber, San Emeterio eta San Zeledonio eliza.             

2. etapa. Larrabetzu- Gernika-Lumo

San Emeterio eta San Zeledonio eliza, Goikolegea (Larrabetzu).

Aretxabalagane (Morga), Bizkaiko Batzarren lekua zen 1308. urtean. Ondoren, Jaunari Gernikara heldu aurretik harrera egiteko lekua izan zen. Juan Delmásek hauxe idatzi du "Duela urte gutxi arte ez zen moztu (haritz zaharra)".

Gerekizko San Esteban ermita (Morga). Bertan, erromatarren garaiko hiru hilarri aurkitu ziren.

Gernika-Lumo, Batzar Etxea eta zin egiteko haritza. Andra Mari eliza.

3. etapa. Gernika-Lumo-Bermeo

Forua: San Martín de Tours. Foruko herrixka erromatarra.

Busturia: Axpeko Andra Maria eliza, Errege Katolikoen estiloko aurrealde interesgarri batekin.

Bermeo: Erdi Aroko hiribildua eta San Eufemia zin egiteko eliza.